Nahi ez den bakardadearen eta buru osasunaren diagnosiko emaitzak aurkeztuko dituzte
Ekainaren 30ean da aurkezpena, 18:00etan. Diagnosirako inkesta 429 beasaindarrek erantzun dute.
Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko prozesuko bileretako bat.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak eta Dar-Dar gizarte ekimeneko kooperatibak nahi ez den bakardadearen eta buru osasunaren diagnosi komunitarioa aurkeztuko dute asteartean, ekainaren 30ean. Prozesuan, inkestaren bidez, 429 herritarrek parte hartu dute.
18:00etan udaletxeko batzar aretoan izango da aurkezpena. Herri osoari irekitako ekitaldia dela nabarmendu du udalak. Bertaratzen direnek, elebitan, prozesuko ondorio nagusiak eta etorkizuneko erronkak ezagutuko dituzte.
Dar-Dar kooperatibak koordinatu du prozesua, sentsibilizazio ekintzen diseinutik hasi eta ikerketa fasearen garapenera arte. “Kooperatibak kultur kudeaketa parte-hartzailean eta komunitate-garapenean duen esperientzia baliatu du herritarren, eragileen eta erakundeen arteko elkarlana sustatzeko, diagnosia komunitatearen behar eta errealitateetara ahalik eta gehien hurbilduz”, azaldu du udalak.
Udalaren esanetan, diagnostikoak “balio izugarria” du “komunitateak berak eraiki duelako”. Parte hartzea “zabala, anitza eta inklusiboa” izan da: “Sentsibilizazio aktiboa burutu da, Zulo Beltza eta Hitzak ekimen artistikoen bidez, ehunka helduk zein herriko lau ikastetxeetako ikasleek gaia landu, tabuak hautsi eta ekarpenak egin zituzten”.
Diagnosirako inkesta zabaldu zuen udalak, eta 429 beasaindarrek erantzun zuten, sei hizkuntzatan. Horrekin, 18 eta 87 urte bitarteko herritarren bizi-errealitatea eta egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen beharrak jaso dituzte. Udalaren eta Dar-dar kooperatibaren arabera, “herritarren inplikazio hori gabe ezinezkoa izango litzateke udalerriaren errealitatea hain modu sakonean ezagutzea”.
Ekimen esperimental hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri-Hariak laguntzen deialdian hautatua izan da. Ikerketaren gidaritza Ainara Arnoso (EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea) eta Maribel Pizarro (Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoko – GIT – ordezkaria) adituek eraman dute.
Beasaingo Udalak eta Dar-dar kooperatibak dei egiten diete herritar, elkarte eta eragile guztiei ekainaren 30eko aurkezpen irekian parte har dezaten.













