Batala Mendi Lasterketa jokatuko da bihar Lazkaon
Bakuntza elkarteak, Urtaro Bidaiak eta lazkaotarren artean sortu duten ekimen sozial eta kirol ekitaldia da. Ekimenak «inklusibitatea, euskara eta bizikidetza» babesten ditu.
Batala Mendi Lasterketaren aurkezpena Lazkaoko Arerian. Manex Usarralde Garmendia Batala Mendi Lasterketa jokatuko da lehen aldiz bihar Lazkaon. Bi lasterketa izango dira 30 km-koa eta 12 km-koa. Gainera, ibilbide laburrean lasterketaz gain mendi martxa ere egingo da. Gaur dortsalak banatzen egongo dira 16:30etik 19:00etara.
Bakuntza Aisialdi Elkartea, Urtaro Bidaiak eta Lazkaoko herritarrek elkarlanean sortu duten ekimen sozial eta kirol ekitaldia da Batala Mendi Lasterketa. Batalak «kirolean ere ahots guztiak entzun daitezen» lortu nahi du. Horregatik, aniztasun funtzionala duten pertsonen «parte-hartze aktiboa» azpimarratu du.
Bakuntza taldeko gazteak «lasterketaren antolakuntzaren parte izatea» nahi zutela adierazi du Imanol Garmendia Batala Mendi Lasterketaren antolatzaileetako batek: «Antzerki moduan erakutsi diegu dendetara babesleak bilatzera joaten». Gaineratu duenez, proiektua ez dute nahi «aurtengo salbuespen bat» bakarrik izatea, «urtero» egin nahi dute.
Bi ibilbideak
Mendi lasterketarako eta martxarako 350 kirolarik eman dutela izena aurreratu du Garmendiak: «30 km-koan 100 korrikalari irtengo dira, 12 km-koan 155 eta mendi martxan 90 pertsonek eman dute izena».
Lehenik, 30 km-ko lasterketa aterako da, 08:00etan. Bigarrenik, 12 km-ko lasterketa 08:30ean eta, azkenik, mendi martxa 09:00etan abiatuko da. Ibilbide luzeak 1.450 metroko desnibela izango du eta motzak 350 metrokoa. Garmendiak ibilbide laburrari buruz dio, «Lazkaoko hilerrira igoz CAFera joango dira. Gero, Goierritik Oiangura joango dira. Ondoren, Lazkaomendira igoko dira eta Lazkao txikiren jaiotetxetik Amundarainera joango dira. Azkenik, Ataungo Troska aldera jaitsiz erreka bazterretik Lazkaoraino itzuliko dira».
Ekimenak «inklusibitatea, euskara eta bizikidetza» babesten ditu. Lazkaoko Kilometroak-eko taldearekin batera 50 Jai 50 Tontor ekimenaren barruan, herriari 12km-ko ibilaldia erakutsi zieten. Ibilaldia pertsona eta erritmo guztietara egokitu zutela azaldu du. Ondoren, Bakuntzako taldearekin ibilaldi berdin hori egin zuten. Biak «primeran» atera zirela berretsi du Garmendiak.
Goierri Trail Kopa
Bi mendi lasterketak Goierri Kopa Trailerako puntuagarriak izango dira. Txapelketa hori urtean zehar Goierrin egin diren 11 lasterketak osatzen dute. Bi modalitateko lasterketak daude distantziaren arabera 30 km inguruko trailak eta 15 km inguruko sprintak. Lazkaokoa zortzigarrena izango da. Beraz, Batala Mendi Lasterketa kenduta hiru gelditzen dira: Aztiriko Mendi Lasterketa (Gabiria), Axari Trail (Idiazabal) eta Korosti Trail (Legazpi).
Lazkaoko frontoiean azkeneko hornidura «ikaragarria» izango dela dio Garmendiak. Aurreikusten dute 14:00etan «bi lasterketak eta mendi martxa amaituta» egotea. Ondoren 14:30ak aldera hasiko da sari banaketa.
Bi lasterketetan lehenengo hiru emakume zein gizon podiumera igoko dira eta bakoitzari sari bana emango zaio. Ondoren, lehenengo iritsi den lazkaotar neska eta mutilari sari «berezia» emango zaio. Beste «sorpresa» batzuk ere egongo direla dio antolatzaileak.
Gonbidatu ezberdinak arituko direla «sariak banatzen» ohartarazi du Batalako antolatzaileak: «Lazkaoko Udaleko ordezkariak, Bakuntza elkartekoak, Goierriko Hitza, Goierri Telebista eta Ehunmilakekoak».
Ehunmilakekoei omenaldia
Azken horiei «omenaldia» egin nahi dietela gehitu du, «Ehunmilak mendi lasterketen sustatzaile nagusiak dira Goierrin». Antolaketa guztian zehar material «mordoa» utzi dietela aitortu du: «Uneoro laguntzeko prest egon dira». Lasterketa guztia antolatzea «uste genuena baino gogorragoa» izan da.
Ehunmilak egiteari aurten utzi diete. Baina, aurreko edizioetan Bakuntza elkarteko gazteak boluntario moduan ibili dira laguntzen, «dortsalak banatzen edo dominak jartzen».
Goierriko Hitzak eta Goierri Telebistak egiten duten lanaren «garrantzia» ere azpimarratu du Batalako kideak. Lazkaoko udalari eta babesleei beraien «eskerrak» eman dizkie Garmendiak.













