‘Bizitza jokoan 2’, Beasainen
Giza eskubideen eta ingurumen eskubideen defendatzaileek jasaten duten jazarpen egoera salatzea du helburu erakusketak. Uztailaren 10era arte egongo da ikusgai.
‘Bizitza jokoan’ erakusketa Bilboko Hezkuntza fakultatean, artxiboko irudian. Hitza Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta Beasaingo Udal Liburutegiak antolatuta, Bizitza jokoan 2 erakusketa irekiko dute astelehenean, ekainaren 29an, Beasaingo liburutegian.
1987an sortutako antolakunde asanbleario, feminista, ekologista eta internazionalista da Mugarik Gabe, erakundearen hitzetan, «indarrean dagoen garapen eredu neoliberal eta patriarkalarekin kritiko» dena. «Bidezko mundu bat lortzeko alternatibak zabaldu, sustatu eta esperimentatzen» ditu askotariko ekintzekin.
Bide horretatik garatu dute Bizitza jokoan kanpaina ere, «giza eskubideen eta ingurumen eskubideen defendatzaileek eta kolektiboek jasaten duten jazarpen eta zaurgarritasun egoera salatzea» helburu. «Paradoxikoa dirudien arren, erakunde eta enpresa askok aldaketa klimatikoaren aurrean jardutea beharrezkoa dela onartzen duten une honetan, lurra, lurraldea eta natura defendatzen duten pertsonak jazarriak, kriminalizatuak eta, kasurik txarrenean, erailak izaten jarraitzen dute», salatu du erakundeak. Datu bat ere eman du: 2024. urtean 324 pertsona erail zituzten mundu mailan kontu horrengatik, %80a Latinoamerikan.
Latinoamerikako hiru kasu
Kanpainaren bigarren fasea da Beasainen jendarteratuko dutena. Latinoamerikako zenbait kolektiboen laguntzarekin, Honduras, Mexiko eta Guatemalako kasu bana ikertu dituzte, eta hainbat enpresa eta gobernuk eragindako eskubide urraketak salatzeaz gain, meatzaritza, deforestazio eta kutsaduraren aurrean lurra eta lurraldea defendatzeko egindako erresistentziak eta borrokak jaso dituzte. Guatemalako kasuan kontsulta aske eta informatua izateko eskubidean jarri dute arreta; Hondurasko kasuan lurra eta lurralde eskubideak; eta Mexikokoan lurra defendatu ahal izateko eskubidea.
Panelez eta QRen bidez ikus daitezkeen bideo eta edukiez osatuta, uztailaren 10era arte egongo da ikusgai liburutegian.













