Ekintzaz beteriko eguna Arriaran auzoan, bihar
Arriarango auzo bazkariko irudia, 2024an.Intxaurpe elkartea Arriaranen ere San Pedro jaiak ospatzen dituzte auzotarrek, Intxaurpe Kultur Elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta. Egun bakarrean ospatuko dituzte festak, larunbatez, bihar.
10:30ean txistularien dianarekin hasiko da jai eguna. 11:00etan meza izango da, eta 12:00etan luntxa. 13:00etan herri kirolak izango dira: Julen Alberdi eta Mikel Larrañaga aizkoran eta Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harri jasotzen.
14:30ean auzo bazkaria egingo dute, Kaxolako Iker Markinez sukaldariak prestatuta, eta bazkalosteko tartearen ondoren, 17:30ean punttu eta mus txapelketak jokatuko dira. 19:00etan haur eta helduen toka txapelketaren txanda izango da, eta 20:30ean Arriantxoren ipuinarena. Egunari eta jaiari amaiera emateko, auzo afaria egingo dute 21:00etan. Egun osoan Dani Oiarbide eta Pello Urdangarin trikitilariek alaituko dute giroa.













