Leizarrateko indusketak zuzenean ikusteko bisita antolatu du Anduetza parketxeak
Uztailaren 4an izango da eta San Adriango igarobidean azken urteetan egin diren aurkikuntzak bertatik bertara ikusteko aukera izango da Aranzadiko teknikarien eskutik.
Aranzadiko arkeologoak San Adriango kobazuloan indusketa lanak egiten. Aranzadi zientzia elkartea Urtero, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek, Zegamako Udalarekin elkarlanean, San Adriango Leizarrate igarobidea induskatzen eta aztertzen dute; aurten, 20. kanpaina arkeologikoa jarriko dute martxan. Urtero bezala, aurten ere indusketa horiek eta bertan egindako aurkikuntzak bertatik bertara ikusteko aukera izango da Zegamako Anduetza parketxeak uztailaren 4rako antolatu duen bisita gidaturi esker.
Udaro, aztarna berriren bat aurkitu izan da: Erdi Aroko gotorleku bat, brontze garaiko babesleku bat, erromatarren garaiko aztarren bat… Iazko aurkikuntza apartekoa izan zen: neandertalek kobazuloa babesleku bezala hartu zutela frogatzen zuten aztarnak aurkitu ziren, baina oraindik asko dago ikertzeko.
Aurreko urteetan, duela 14.000 urte inguruko Goi Paleolitoko maila batean induskatu ondoren, okupazio zaharragoak egon zitezkeela susmatu zuten Aranzadikoek. Berreskuratutako aztarnen argitan gaur jakina da neandertalek duela 40.000 urte baino gehiago igarobidea erabili zutela.
Anduetza parketxeak antolatutako txango gidatu honetan, bertan izango diren arkeologoek neandertalen azken aurkikuntza arkeologikoak ezagutzera emango dituzte in situ. Gainera, antzinako hominido horri buruzko ezaugarriak azalduko dituzte: berezitasunak, ohiturak… Leizarrate igarobidean bizi izan ziren biztanleen garai historiko bakoitzaren errepasoa ere egingo dute.
Edozeinentzako egokia
Uztailaren 4rako antolatutako txangoak ez du zailtasunik eta edozein herritarrentzat egokia da. Ibilaldian emango diren azalpenak bi hizkuntzatan egingo dira. Euskarazko saioa Aldaolako aparkalekutik abiatuko da goizeko 10:00etan eta gaztelaniazkoa, 12:00etan leku berean. Aldaola aparkalekua Otzaurtetik (Zegama) 4 kilometrora dago. San Adriango igarobidera arteko ibilbidea Anduetza parketxeko hezitzailearekin egingo da. Ondoren, igarobidean bertan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek indusketa arkeologikoaren berri emango dute.
Aurreikuspena, euskarazko txangoa eguerdiko 11:30erako amaitzea da eta gaztelaniazkoa 13:00rako. Oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen da. Prezioa heldu bakoitzeko 6 eurokoa da eta haurrena (8 urtetik 12ra arte) 4 eurokoa. Izena ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak izateaz gainera, eguraldia dela medio azken orduko aldaketaren bat balego, modu horretan antolatzaileek izena eman dutenei abisu emateko aukera izango dutelako.
Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko:
- anduetza@gipuzkoanatura.eus
- 943802187 edo 688623609
- www.gipuzkoanatura.eus













