Soldata igoera eta errelebo kontratuak aldarrikatu dituzte ArcelorMittaleko langileek
Lanuzteekin irailera arte jarraituko dute errelebo bakoitzeko bi orduz astelehen, asteazken eta ostiraletan.
ArcelorMittaleko langileen elkarretaratzea, gaur.Manex Usarralde Olaberriako ArcelorMittaleko langileek elkarretaratzea egin dute lan hitzarmen duin baten alde, gaur. LABen ekimenez eta langile batzarrean hala erabakita aprilean lanuzteak hasi zituzten. Izan ere, enpresarekin abenduan negoziatzen hasi ziren hitzarmena “erabat blokeatuta” zegoela ikusi zutela adierazi du Txema Etxabe ArcelorMittaleko LABeko delegatuak. Etxabek gehitu du enpresak “aurrerapauso handirik” ez duela eman baina “hitz egiten hastea” lortu dutela. Hala ere, “ez da nahikoa”.
ArcelorMittal “siderurgia” enpresa bat dela eta aurreko urtean “etekinen errekorra” egin zuela azaldu du LABeko delegatuak: “enpresa dirutza irabazten ari da”.
Horretaz aparte, egiten duten lana “gogorra” dela eta “urteko egun guztietan” egiten dutela dio Etxabek. Horregatik, errelebo bat ematea “beharrezkoa” ikusten dute: “langile beteranoak pixkanaka enpresa uzten joan eta lan-taldea gazteez bete behar dugu”. Horregatik, lan hitzarmen berrian “soldata eta kontziliazio aldetik” eskatzen dituzte hobekuntzak.
Sindikatuen artekoak
“Langilegoari eta komiteari oso larria iruditzen zaio Olaberrian minoria diren sindikatu estatalek Espainiako estatu mailan egotera derrigortu izana”, berretsi du LABeko delegatuak eta gaineratu du: “gure indarrak desegiteko”.
Bestalde, ELAren jarrera “harritzekoa” iruditzen zaie. Izan ere, estatalizazio horren aurka “komunikatu bat” atera zuten, baina gero “bertako negoziaketa ez dute bultzatzen”. Gehitu duenez, “guk beti eskaini izan diegu borroka hau elkarrekin egitea”. Ondorioz, “utzikeriaz jokatzea” leporatzen dio LABek.













