Anselmoren baratza berdegune berri bihurtzeari ekin dio Ordiziako Udalak
Urte luzez erabilerarik gabe egon den espazioa berreskuratuko du udalak. Lehen fasea martxan da, eta hilabete eta erdiko epean gauzatuko dute.
Garagartza plaza eta Ordizia kalea lotzen dituen Anselmoren Baratza izenez ezagutzen den espazioa berreskuratzeko lanak hasi berri ditu Ordiziako Udalak. Urte luzez erabilerarik gabe egon den eremua da eta herritarrentzako berdegune berri bihurtuko dute, «natura, biodibertsitatea eta erabilera publikoa» uztartuta.
Lanen bilakaeraren berri eman du gaur goizean Adur Ezenarro alkateak. Bi fasetan egitea aurreikusten dute. Lehen fasea martxan dago jada eta hilabete eta erdiko epea izango du. Eremua garbitu, sastrakak kendu, topografia egokitu eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira bitarte horretan, egun dauden desnibelak moldatuta eta Garagartza plazara zein Ordizia kalea «modu eroso eta irisgarrian» lotuko dituen ibilbidea sortuta. Lehen fase horrek 49.667,50 euroko aurrekontua du.
Bigarren fasean, berriz, espazioa bera osatuko duten kale-altzariak, argiztapena, ureztatze-sistema eta iturria jarriko dira. Urte amaierarako amaituta edukitzea espero dutela aurreratu du alkateak.
Alkateak nabarmendu du hiri-berroneratze estrategiaren barruan kokatzen den proiektua dela Anselmok urte luzez zaindutako baratza berregokitzearena: «Herrigunean naturari lekua egiteaz gain, klima-aldaketaren aurrean babesgune klimatiko berri bat sortu, eta herritarrentzako topagune atsegin zein irisgarri bat irabaziko dugu».
1.551 metro koadro
1551 metro koadro inguruko espazioa da, eta «izaera naturala» izango du. «Bertako landaredia babestu eta indartuko da, fauna txikiarentzako habitat egokiak sortuz eta inguruko etxebizitzen pribatutasuna bermatuko duen pareta begetala eratuz», azaldu du alkateak. Aurretik zeuden zuhaitz gehienak ere mantenduko direla aurreratu du, bai eta bertako espezie gehiago landatuko direla ere.
Espazioaren erdialdean, berriz, eguzkiak ematen duen espazioan, zelai ireki bat planteatzen dela jakinarazi du, plaza edo auditorio txiki baten moduko eremu irekia sortuta, herritarren sozializazio gune gisa.
Argazkiak: Izaro Villarreal















