Barrendain plaza ingurua asfaltatzen hasiko dira bihar
Trafikoan eragina izango dute asfaltatze lanek. Besteak beste, Oriamendi kalea bihar goizean itxi egingo dute, eta ostiralean Trenbide kalea moztuko dute. Euriak baldintzatuko ditu lanak.
Barrendain plazaren ikuspegia, Garmendia Otaola kaletik.Laida Goiburu Barrendain plaza ingurua asfaltatzeko lanak hasiko dituzte bihar asteazkena, uztailak 1. Udalak esan duenez, azken txanpan sartuko da asfaltatze lanekin proiektua. Plazan ez ezik, inguruko kaleetan ere eragina izango dute egunotako lanek. Trafikoaren egitura aldatu egingo dute uztailaren 1etik 3ra bitartean.
Euriak lanak baldintzatu ditzake, baina oraingoz “aurreikusitako plangintzarekin aurrera egitea posible” da udalaren esanetan.
Uztailak 1 eta 2: Barrendain plazako eta Nafarroa etorbideko lanak
Bihar, uztailak 1, Oriamendi eta Garmendia Otaola kaleen arteko bidegurutzea eta Garmendia Otaola kalea bera asfaltatuko dituzte, eta fresatze lanak egingo dituzte Nafarroa etorbidean eta Barrendain plazan. Ondorioz, 08:00etatik 13:00etara Oriamendi kalea moztuko dute.
San Inaziotik datorren trafikoa Erauskin kaletik bideratuko dute, eta Udaltzaingoak Foru kalea kontrako noranzkoan jarriko du. Irizar tabernako biribilgunetik Oriamendirako noranzkoa itxiko dutenez, aparkatutako zein garajeetako ibilgailuek Zelaetatik atera beharko dute, eta San Inazio zein Zelaetako autobus geltokiak itxi egingo dituzte.
Uztailaren 1eko 14:30etik 19:00etara, eta uztailaren 2ko ostegun osoan zehar (08:00etatik 19:00etara), Zaldizurretako biribilgunetik Barrendain plazako noranzkoa erabat itxiko dute. Moztutako tarte horretan, Gernika pasealekuko aparkalekura eta Nafarroa etorbideko 1etik 25erako zenbakietara pasatzea ahalbidetuko dute espaloi gainetik, pasealekuko aparkaleku amaieratik. Aldiz, Nafarroa etorbideko 27-33 eraikinetarako sarbidea kontrako noranzkoan egin beharko da Zelaeta kaletik. Bi egun horietan Kutxabank pareko Nafarroa etorbideko autobus geltoki berria ez da erabilgarri egongo.
Uztailak 3: Trenbide kalea itxiko dute
Ostiralean, uztailaren 3an, lanak Trenbide kalean egingo dituzte, tren geltokiaren parea barne hartuz. 08:00etatik 19:00etara Trenbide kalea moztuko dute Mendeurren kaleko bidegurutzetik. Trenbide kaletik datozen ibilgailu guztiak Mendeurren kaletik bideratuko dituzte, eta herriko gune horretatik datorren trafikoak ezingo du Zaldizurretako biribilgunera iritsi. Ondorioz, noranzko horretan herria bitan banatuta geratuko da.
Mendeurren kaletik tren geltokira arte kalean aparkatuta dauden ibilgailuek Trenbide kaleko zati bat kontrako noranzkoan egin beharko dute ostiralean Mendeurren kaletik atera ahal izateko. Geltoki pareko autobus geltokia ere bertan behera geratuko da lanak amaitu arte.

Barrendain plazako parkeko lanak.Laida Goiburu
1,56 milioi euro
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak bultzatu dute, Beasaingo Udalaren lankidetzarekin eta EHUko zein CAVIAR ikerketa-taldeko ikertzaileen parte-hartzearekin. 2025eko urrian aurkeztu zuten. “Nahi ez den bakardadea arintzea helburu izango duen Europako lehen plaza” izango zela iragarri zuten aurkezpenean, diseinu berriak pertsonen arteko harremanak sustatuko dituela azalduta. Espazio berriak haurrentzako jolas guneak, atsedenerako eremuak, lorategiak eta gune irekiak izango ditu, baita oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak ere.
Proiektuak 5.500 metro koadro hartzen ditu eta 1,56 milioi euroko aurrekontua du. Gobernu Batzordeak abenduaren 4an aho batez onartu zuen urbanizazio obrak Construcciones Moyua S.L. enpresari esleitzea 1.489.349,43 eurotan (BEZ barne). Urtarrilean hasi zituzten lanak, sei hilabeteko epearekin. Azken txanpan sartuko dira asfaltatze lanekin.
Trafiko aldaketak egunez egun
- Uztailak 1: Oriamendi kalearen mozketa (08:00-13:00) eta Zaldizurretako biribilgunetik Barrendain plazarako noranzkoaren mozketa (14:30-19:00).
- Uztailak 2: Barrendain plazako eta Nafarroa etorbideko asfaltatzea. Zaldizurretako biribilgunetik Barrendain plazarako noranzkoa itxita (08:00-19:00).
- Uztailak 3: Trenbide kalearen mozketa Mendeurren kaletik (08:00-19:00). Herria bitan banatuta geratuko da Zaldizurretako biribilgunearen noranzkoan.
- Autobus geltokiak:
- Uztailak 1. 08:00-13:00 artean, San Inazio eta Zelaeta kaleetako geltokien ordez herritarrek Zaldizurreta kalean dagoena erabili beharko dute (Bideluze plazaren parean). 14:30-19:00 artean Nafarroa etorbideko (Kutxabank parekoa) geltokiaren ordez, herritarrek Zelaeta berri plazako geltokia erabili beharko dute.
- Uztailak 2 eta 3. Egun osoz, Nafarroa etorbideko (Kutxabank parekoa) geltokiaren ordez, herritarrek Zelaeta berri plazako geltokia erabili beharko dute.
- Uztailak 3. Tren geltoki parekoaren ordez, Zaldizurreta kalekoa (Bideluze plazaren parean) erabili beharko dute.













