Ezkiagako auzo elkartea "oso pozik" dago jaien emaitzarekin
[ARGAZKIAK] Elkarteak antolatzen dituen bigarren festak dira, iaz berreskuratu ondoren.
Ekaitz konpartsako buruhandi eta erraldoiak Ezkiaga auzoko jaietan.Mikel De Las Heras Ezkiagako San Pedro jaiak amaitu dira. Ezkiaga Auzoko Bizilagunen Elkartea “oso pozik” agertu da jaiek izan duten harrerarekin. Elkarteak antolatzen dituen bigarren festak dira, iaz berreskuratu ondoren. “Jaiak amaitu dira eta apur bat deskantsatzeko astia izan ostean, atzera begiratu eta ezin gara harroago egon. Auzoko data garrantzitsuenetako bati amaiera ematen diogu: elkarte berri honek antolatzen duen bigarren jai-edizioari. Eta hau… izugarria izan da!”, adierazi dute elkarteko ordezkariek sare sozialetan.
Ekainaren 26an hasi ziren festak, txupinazoarekin. Baina hilaren 22an jada Ezkiagako I. Frontenis Txapelketari ekin zioten jaiak girotze aldera, eta txupinazoaren aurretik izan ziren finalak. I. Zabala eta I. Etxezarreta bikoteak irabazi du txapelketa nagusien mailan, finala E. Presa eta AS. Alonsoren aurka 18-22 irabazita. Haurretan berriz, E. Oiarbide eta H. Saralegi izan dira irabazleak.
Ostiraletik igandera bitartean jana, edana, musika, jolasak, buruhandi eta erraldoiak edota pilota partidak izan dituzte auzotarrek jaiez gozatzeko. Igandean, bazkari herrikoiarekin eta bazkalosteko bingo eta musikarekin amaitu ziren jaiak.













