Gineako dantzak ikasteko saioa, ostegunean, Txomenarenan
Idiazabal Anitza proiektuaren baitako saioa izango da, Maddi Kazabonen gidaritzapean. Yamoussa eta Cara Camarak zuzeneko musika eskainiko dute.
Maddi Kazabon, artxiboko irudi batean. Hitza Idiazabal Anitza proiektuko Munduko musikak lan lerroaren baitan, Gineako (Afrika) dantzen inguruko saioa antolatu dute ostegun honetarako, uztailak 2, 17:00etatik aurrera Txomenarena parkean.
Ekimen honen helburua «kultur aniztasunaren balioa agerian jartzea, herritarren arteko topaguneak sortzea eta musikaren zein dantzaren bidez munduko beste errealitate batzuetara gerturatzea da» Idiazabalgo Udaleko Berdintasun sailak jakitera eman duenez. Jarduera irekia eta doakoa izango da eta parte hartzeko ez da beharrezkoa dantzaren inguruko ezagutzarik izatea. Aldi berean, adin eta esperientzia guztietako pertsonei zuzendutako saioa da, «mugitzeko, ikasteko eta elkarrekin gozatzeko».
Zuzeneko musikarekin
Saioa Maddi Kazabonek gidatuko du; parte hartzaileek Gineako dantzen oinarrizko mugimenduak eta adierazpideak ezagutzeko aukera izango dute harekin. Horrez gain, saioan zehar zuzeneko musika eskainiko dute Yamoussa eta Cara Camara musikariek.
Idiazabal Anitza proiektuak «herriko aniztasuna balioan jartzea, kultura ezberdinen arteko ezagutza sustatzea eta komunitate kohesionatuago bat eraikitzea» du helburu. Horrelako ekimenen bidez, «herritar guztientzako parte hartze eta harreman gune berriak sortzen» jarraituko dutela aurreratu du udalak.













