Larrialdi Plana onartzeko eskatu dio PSE-EEk udal gobernuari
"Aterpe berdeak" jartzea proposatu du beroaldietan herritarrak babesteko.
Eva Alvarez eta Angel Redondo Beasaingo PSE-EEren zinegotziak.Hitza Beasaingo PSE-EEk bero boladei aurre egiteko Larrialdi Plana onartzeko eskatu dio udal gobernuari, hedabideetara helarazitako ohar batean azaldu dutenez “muturreko fenomeno meteorologikoen aurrean eraginkortasunez erantzun ahal izateko”.
Talde sozialistak gogorarazi du proposamena aurrez ere egina dutela. “Bero-boladak jada ez dira aparteko gertaerak, eta urtetik urtera lehenago iristen dira. Ezinbestekoa da Beasainek aurre hartzea, udal baliabideak koordinatzea eta bereziki pertsona ahulenak babestea ahalbidetuko duen jarduera plan bat izatea”, adierazi du Eva Alvarez bozeramaile sozialistak.
Taldeak esan duenaren arabera, 18.150 euroko partida jasotzen du udal aurrekontuak, eta horregatik eskatu dio udal gobernuari “plana atzerapenik gabe garatzeko”.
Klima aldaketara egokitzea “lehentasun bihurtzea beharrezkotzat” jo dute. “Aterpe berdeak” jartzea proposatu dute beroaldietan herritarrak babesteko. “Uholdeetarako edo ekaitzetarako prestatzea ez da nahikoa. Aldaketa klimatikoa gure udalerrien errealitatea aldatzen ari da, horregatik, babesleku berdeen sare bat proposatzen dugu, herritarrei espazio seguruak eta irisgarriak eskaintzeko”, azaldu du Alvarezek.













