%33,5ak bakardade maila handia duela adierazi du osasun mentalari buruzko diagnosian
Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak martxan jarritako prozesuko diagnosiaren emaitzak aurkeztu dituzte. %77ak uste du bakardadeak "eragin handia" duela osasun mentalean.
Emaitzen berri emateko astearte arratsaldeko saioko irudia.Beasaingo Udala Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak martxan jarritako prozesu parte hartzailean egindako diagnosiaren emaitzak aurkeztu dituzte astearte arratsaldean udaletxean egindako saioan. Emaitzen arabera, %33,5ak adierazi du bakardade maila handia duela, eta %77ak uste du bakardadeak “eragin handia” duela osasun mentalean.
Diagnosian parte hartutako herritarren %90ak uste du osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek “ohikotasunez” bizi dituztela bakardade egoerak, “isolamendu emozionalaren edo bazterkeriaren ondorioz”.
Diagnostikoaren emaitzen aurkezpenean Leire Artola alkateak esan du udal gobernuaren “lehentasun nagusia pertsonak eta beasaindarren bizi-kalitatea” direla. “Eta bizi-kalitate hori ezin da neurtu baliabide materialekin soilik. Gaur argazki zintzo bat daukagu esku artean, baina orain dator politena eta garrantzitsuena: ekintza programa parte-hartzailea”.
Izandako “parte hartze zabal, anitz eta inklusiboarekin hasierako helburuak bete” dituzte bultzatzaileek. Horren harira, Iker Zinkunegi Dar-Dar kooperatibako kideak azaldu du prozesuak “izugarrizko balioa” duela “komunitateak berak eraiki duelako”.
Udalarentzat diagnostikoak agerian utzi du laguntza-sare komunitarioak sendotzeko beharra. “Izan ere, familia da herritarren sostengu nagusia, eta komunitate-, auzo- zein erakunde-sareek balorazio txikiagoa jaso dute”. Harremanak egiterako orduan, herritarrek traba emozionalak (beldurra edo segurtasunik eza), traba sozialak (ulermenik eza edo estigma) eta egiturazko mugak aipatu dituzte.
Ia 2 urteko lanketa
Duela ia 2 urte ekin zioten prozesuari. Aurrena proiektuaren sentsibilizazio aktiboa egin zuten Zulo Beltza eta Hitzak ekimen artistikoen bidez: “Horiei esker, ehunka helduk zein herriko lau ikastetxeetako ikasleek gaia landu, tabuak hautsi eta ekarpenak egin zituzten”. Diagnosia osatzeko inkesta 429 herritarrek osatu zuten –18 eta 87 urte bitartekoak–, eta ondoren eurek berrikusi eta findu zuten udaletxean egindako saio irekietan. Sei hizkuntzatan jaso zituzten erantzunak.
Diagnosiaren aurkezpenean 28 lagun elkartu dira, Beasaingo zazpi elkartetako eta bi ikastetxetako ordezkariak. Ikerketaren gidaritza eraman duten Ainara Arnoso EHUko Psikologia fakultateko irakasle eta ikertzailearekin eta Maribel Pizarro Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoko zuzendariarekin batera, Edurne Elorriagak (EHU) ere parte hartu du zuzendaritzan, eta prozesu guztia Dar-Dar gizarte ekimenezko kooperatibak koordinatu du. Haiek eman dituzte prozesuko emaitzen xehetasunak aurkezpenean.
Hemendik aurrerakoak ere zehaztu dituzte. Iraila eta urria bitartean, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan sentsibilizazio-saioak egingo dituzte, antzerki-emanaldiak eta parte-hartze dinamikak ardatz, nahigabeko bakardadearen eta buru-osasunaren inguruko hausnarketa sustatzen jarraitzeko adin tarte horretan. Horrez gain, Ainara Arnoso eta Maribel Pizarroren gidaritzapean, herritarrekin lan-mahai parte-hartzaileak eratuko dira, diagnostikoan jasotako ondorioei ikuspegi komunitariotik erantzuteko eta etorkizuneko ekintza-programa parte-hartzailea elkarrekin diseinatzeko helburuarekin.












