Ataungo Aiako 'santixalak' ostegunetik igandera
Kuadrila egunean lehen aldiz txuriz jantziko dira Aian, eta gazte bazkarirako 65 lagun inguruk eman dute izena. Aiako IX. Pilota Txapelketa inoiz baino bikote gehiagok jokatu dute: 27 bikotek.
Aiako festetako aurreko urteko argazki bat.Goierriko Hitza Aiako Santixalak bihar hasi eta iganderaino izango dira. Egitarau betea osatu dute: bazkariak, kontzertuak, pilota partidak eta gehiago. «Herri bazkarirako eta gazte bazkarirako 65na lagun apuntatu dira», adierazi du Amaia Lertxundik Aiako festa batzordekoak. Bazkaria aurten «bi pertsonak» antolatu dutela eta hurrengo urtean «ezingo dutela egin» adierazi du Lertxundik: «Auzoko gazteekin ez da nahikoa eta orduan antolatzeko prest dagoen talde bat behar da». Lehenengo aldiz «txuriz» jantziko direla aurreratu du festa batzordeko kideak: «Ataungo gainontzeko auzoetan festetan kuadrila egunean txuriz jantzi ohi izaten gara eta Aian hori berreskuratu nahi zain dugu».
Igandean Aiako IX. Pilota Txapelketako finala jokatuko da. Txapelketa otsailetik ari da jokatzen eta «27 bikote» aritu direla azaldu du Iraitz Zubizarreta txapelketaren antolatzaileak: «Orain arte egin ditugun edizioetatik jende gehien aritu dena izan da». Bihar finalerdiak jokatuko dituzte: «Mikel Intsausti-Unai Bereziartu/Arkaitz Baztarrika-Joseba Barandiaran eta Jon Lazkoz-Iñigo Zabala/ Josu Mujika-Eñaut Esnaola arituko dira».
Aiako txapelketako finalaz gain pilota eskolako haurrek eta herriko pilotari helduek ere erakustaldia egingo dute: pilota eskolako haurretan O. Baztarrika- B. Albisuk eta U. Esnaola- I. Labakak. Helduetan, berriz, Martin Kerejeta, Mikel Alzua eta Iker Dorronsorok triangularra jokatuko dute.
Autobus zerbitzua Aiara
Lurraldebusek Aiatik itzultzeko gaueko zerbitzu bereziak jarri ditu. Kaxetatik 00:20etan, 02:20etan eta 04:20etan egongo dira autobusak. Geldialdi hauek egingo ditu: San Gregorio, San Martin, Lazkao, Beasain, Ordizia eta Zaldibia. Martin Aramendi herriko alkateak dio: «Jaiez arriskurik gabe gozatzeko zerbitzua erabiltzera animatzen zaituztegu».
EGITARAUA
Uztailak 2, osteguna
- 11:00: Meza nagusia. Ondoren, hamaiketakoa.
- 14:00: Herri bazkaria Millan Telleriak eta Uxue Fernandezek bertsoz eta trikitiz alaituta.
- 18:30: Toka.
Uztailak 3, ostirala
- 15:00: Gazte bazkaria.
- 18:00: Pancho Balbuena.
- 19:30: Dj Lizarrusti 24:00ak arte.
- 21:30: Auzo afaria. Food truck-a egongo da.
- 24:00: Laket erromeria eta ondoren Dj Lizarrusti.
Uztailak 4, larunbata
- 09:00: Mitoaldia. Jentilak eta otsoak!
- 17:00: Puzgarriak eta aurpegi margotzea. Ondoren, txokolatea.
- 19:00: Sardina eta sagardo dastaketa.
- 19:30: Balantza erromeria.
- 21:30: Afari autogestionatua.
- 02:30: Irten-bide taldearen kontzertua.
Uztailak 5, igandea
- 11:30: Ataungo emakume sortzaileen azoka eta erakusketa.
- 12:00: EATE abesbatza. Ondoren, luntxa eta kantu poteoa.
- 17:00: Otsoak Dantza Taldea.
- 18:30: Pilota partiduak. Aiako IX. Pilota Txapelketako finalak.












