Baso hostozabalei buruzko saio bikoitza bihar eta larunbatean
Gero eta ugariagoak dira gure eskualdean hostozabalez osatutako basoak. Baina era honetako basoak nola eta noiz kudeatu behar diren ez dakite jabe askok. Zegaman ere bada baso mota honen adibiderik, eta gisa honetako basoen kudeaketari buruzko saio bikoitza antolatu dute Basoa Fundazioak, Gipuzkoako Baso elkarteak eta Zegamako Udalak.
Bihar, osteguna izango da lehendabiziko saioa, 18:30ean gaztelekuan. Baso hostozabalei buruzko oinarrizko informazioa partekatuko dute bertaratzen direnen artean, saioa teorikoago batean. Bigarrena, praktikoagoa izango da, uztailaren 4an, larunbatez, 10:00etatik aurrera plazako kiosko aurrean elkartuta. Basoa Fundazioko Aitor Onaindia eta Gipuzkoako Baso elkarteko Eneko Iturbek gidatuko dituzte saioak.












