Gazta eta Donejakue Bidea turismo eskaintzaren ardatzak
Irailaren 15era arte iraungo du kanpainak Idiazabalen. Gurutzetako ermitako erromes bankua, aurtengo berrikuntza.
Jone Ormazabal Idiazabalgo Udaleko Herri Garapenerako zinegotzia eta Gaztaren interpretazio zentroa kudeatzen duen Erro Kooperatibako Leire Arandia aurkezpen ekitaldian. Idiazabalgo Udala Idiazabal gaztaren herria lelopean, uda honetarako prestatu duten turismo eskaintza aurkeztu dute aste honetan Idiazabalgo Udalak eta Idiazabal Gaztaren interpretazio zentroak. Gaztagintza eta Donejakue Bidea izango dira aurtengo eskaintzaren ardatz nagusiak; uztailean hasi eta irailaren 15era bitarte iraungo du kanpainak.
Kanpainak irauten duen bitartean, interpretazio zentroak egunero irekiko ditu ateak; 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era. Egunero lau bisita gidatu eskainiko dituzte: 11:00etan, 12:15ean, 16:00etan eta 17:15ean. Bisitarekin batera, gazta dastatzeko aukera ere izango da. Informazio gehiago eskuratu edo erreserbak egiteko 943 18 82 03ra deitu, info@idiazabalturismo helbidera idatzi edo idiazabalturismo.com web gunea bisitatu daiteke.
Museoaz gain, herriko Aranburu eta Gaztañaditxulo baserrietako gaztandegiak bisitatzeko aukera ere eskainiko dute, urtero bezala. Gazta egiteko prozesuak nolakoak diren azalduko dute dute bi baserrietako artzainek; eta bisita amaitzeko egiten duten gazta dastatzeko aukerarik ere ez da faltako.
Erromes bankua
Donejakue Bidea Olaberritik barrena sartzen da Idiazabalera harrizko galtzada jarraituz Gurutzetako ermitara iritsi arte; Tolosa eta Zegama lotzen dituen etapan eta Santiago de Compostelatik (Galizia) 665 kilometrora. Gurutzetako ermitaren alboan jarri dute, hain zuzen, erromes bankua. Bakuak gezi itxura dauka eta erromesen helmugara, Santiagora begira dago.
Horrekin lotuta, Donejakue Bidea Idiazabalen ibilaldi gudatua ere antolatu dute uztailaren 10 eta abuztuaren 23rako. Interpretazio zentrotik abiatuta, Gurutzetako ermitara igo eta bi orduko iraupena izango duen ibilbidea osatuko da. Parte hartzeko izena eman behar da Idiazabal turismoren bitartez.















