Goierriko Jazzaldia hastear da
13. edizioa izango da eta Ordizia izango du topaleku. Gaur hasi eta larunbatera arte luzatuko dira ekitaldiak. «Askotariko gonbidatuak» izango direla aurreratu dute.
Daniel Migliosi da 2026ko Goierriko Jazzaldiaren kartelburuetako bat. Hitza Iritsi da 2026ko Goierriko Jazzaldia, eta beste urte batez, Ordizia jazz doinuen topagune bihurtuko da lau egunez. Gaur hasi eta uztailaren 4ra bitartean egingo da eskualdean urtez urte sendotzen joan den ekimenaren hamahirugarren edizioa, musikazaleei zein kulturaz gozatu nahi duten herritar guztiei kalitatezko programazioa eskaintzeko helburuarekin.
Ibilbidean zehar agertokiak eta formatuak aldatu badira ere, Goierriko Jazzaldiaren oinarrian dagoen filosofia bere horretan mantendu da hasieratik: jazz musika Goierri eta inguruko bailaretako herritarrengana hurbiltzea, genero honen aberastasuna eta aniztasuna ezagutaraztea, eta adin eta gustu ezberdinetako ikus-entzuleei kultur eskaintza erakargarria eta kalitatezkoa eskaintzea.
Hamahirugarren aldi honek, beraz, urte hauetan guztietan eraikitako ibilbideari jarraipena emango dio, jazzaren inguruan sortutako komunitatea indartuz eta eskualdeko kultur egutegian ezinbesteko hitzordu bihurtu
den ekimen honen izaera sendotuz.
Antolakuntzak, halaber, egitasmoaren atzean dagoen lana eta konpromisoa nabarmendu nahi izan ditu. «Urte hauetan guztietan Goierriko Jazzaldian parte hartu duten musikarien zerrendari erreparatzea nahikoa da egindako lanaren kalitatea eta ekimenak izan duen harrera ulertzeko. Maila handiko artistak ekartzea eta publikoari esperientzia bereziak eskaintzea izan da beti gure helburu nagusietako bat», adierazi dute. Bide horretan, 2026ko edizioko egitaraua osatuko duten gonbidatuak ere aurkeztu dituzte. Antolatzaileen arabera, aurtengo proposamenak «kalitate handiko eta askotariko gonbidatuak» izango ditu oinarri.
Uztailak 1, asteazkena
21:00etan. Sugaar tabernan. Dj Makala. Makala diska jartzaile eta baxujolearen ‘Jazz. Soul, Funk… eta DJak’ kontzertu-hitzaldiak zabalduko du aurtengo edizioa. Ezizen horren atzean, Mikel Unzurrunzaga zarauztarra dago, 90eko hamarkadaren hasieratik musikaren munduan murgilduta dagoena. Ordutik, Espainiako hiri askotan eta nazioarteko hainba hiriko areto zein klub ezberdinetan jo izan du: New York, Londres, Paris, Berlin, Amsterdam…
Hitzaldi musikatu honetan, besteak beste, bere ibilbide artistikoaren errepasoa eskainiko du.
Uztailak 2, osteguna
22:00. Udaletxeko arkupeetan. Esencia Ternaria. Madrilgo musika eszenan sortutako afro-perutar jazz hirukoren emanaldia izango da. Brian Aching, Mateo Vazquez eta Jose Raul Machadok osatzen dute taldea eta besteak beste, beren eragin eta esperientzia musikalak uztartzen dituzte estilo berezi bati bizia emateko; estilo horrek Peruko kostaldeko soinu-aberastasuna eta inprobisazioa nahiz konposizioa hizkuntza garaikide batean batzen ditu.

Uztailak 3, ostirala
20:30. Plaza nagusian. NHIL. Aretxabaletan sortutako musika-proiektua da. Taldeko sei kideek elkarrekin eraikitzen duten soinu-unibertsoan, pop organikoa da ardatza, baina soul, R&B eta musika garaikideko bestelako eraginak ere modu naturalean txertatzen dituzte. Taldea sortu zenetik etengabeko bilakaeran murgilduta egon da, eta euskal musikaren eszenan proposamen berezi eta bereizgarri gisa kokatu dira.

23:00. Plaza nagusian. Lea Maria Fries. Abeslari, konpositore eta pianista suitzarra Europako jazz garaikideko ahots berezienetako bat bihurtu da azken urteotan. Luzernan jaioa eta gaur egun Parisen bizi den artista honek jazza, soula, pop esperimentala eta spoken word delakoa uztartzen ditu berezko hizkuntza musikal pertsonal batean.

Folk kutsuko balada hauskorretatik groove sendoa duten jazz piezetara edo soinu-esperimentazioetara igarota ere, Lea Maria Friesek gaur egungo jazz eta musika alternatiboaren panoramako artista erakargarrienetako bat dela erakusten du.
Uztailak 4, larunbata
19:00. Plaza nagusian. Zirriborro Jazz Band. Edorta de Pedrok zuzendua, kontzertu honen helburua Goierriko Jazzaldiak urtero egiten duen legez, Goierriko Musika eskolei tarte bat eskaintzea da. Oraingoan, Ordizia, Zumarraga eta Donostiako kideek osatutako taldeari egokituko zaio emanaldia. Swing eta jazz tradizionaleko abestiak eskaintzeaz gain, Nina Simone edo Van Morrison-en abestiak eskainiko ditu.
20:30. Plaza nagusian. Hip Horn Brass Collective. Bartzelonan sortutako brass band indartsua da, New Orleanseko brass banden tradizioa hip hoparen, funkaren eta jazz garaikidearen energiarekin uztartzen duena. Taldeak haize-metalen indarra eta erritmo urbanoak nahasten ditu, zuzenekoetan bereziki nabarmentzen den soinu bizi eta dantzagarria sortuz. Haien proposamenak New Orleanseko kaleetako espiritua gaur egungo hiri-musikaren estetikarekin lotzen du, inprobisazioa, groove-a eta kolektiboaren indarra ardatz hartuta. Taldearen azken proiektuek nazioarteko izaera gero eta handiagoa erakusten dute.

23:00. Plaza nagusian. Daniel Migliosi. 2004an jaio zen Esch-sur-Alzetten (Luxenburgo), eta oso gaztetatik izan zuen harreman estua musikarekin. Zortzi urterekin hasi zen tronpeta jotzen, aitak herriko haize-orkestran jotzen baitzuen, eta ingurune horrek bere lehen musika-eraginak markatu zituen. Bere jardunak teknikaren zehaztasuna eta inprobisazioaren askatasuna uztartzen ditu, eta gaur egun Frantziako “Orchestre National de Jazz”, “JugendJazzOrchester NRW” eta Alemaniako “BundesJazzOrchester (BuJazzO)” bezalako proiektu garrantzitsuetako kidea da, Europako jazz belaunaldi berriko izenik interesgarrienetako bat bihurtuz.













