Mandubiko Kamiñone landetxea inauguratu dute
Leader diru laguntza jaso du proiektuak. Mandubi gainean dago, Beasaingo lurretan, eta Mandubizar etxaldeko senideen dibertsifikazio egitasmoa da.
Kamiñoneko, Foru Aldundiko, Beasaingo Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, landetxearen aurrean.Laida Goiburu Mandubi gaineko Beasaingo lurretan dagoen Kamiñone landetxearen inaugurazio instituzionala egin dute gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Beasaingo Udaleko ordezkariek. Garikoitz Aiestak eta bere familiak han zegoen baserria eraberritzeko inbertsioa egin eta martxan jarri dute landetxea. Leader diru laguntza jaso dute horretarako. 110 metro karratuko oinarriarekin, hiru solairutan banatuta dago eraikina: behe solairuan Kizkitza landa apartamentua dago; lehen solairuan lau landa logela bikoitz, Astigarreta, Aizkorri, Mandubizelai eta Murumendi izenekoak; eta bigarren solairuan, teilatupean, landa logela bikoitz horientzat egokitutako gune kolektiboa, egongela, tximinia eta sukaldez hornitua. Aparkalekuak era lorategi eremuak osatzen dute landetxea.
Aiesta-Idigoras-Etxaniz-Agirregabiria familia da sustatzailea. Garikoitz Aiestak “egun berezia” dela esanez hasi du hitzaldia. Kamiñeroen etxea eta Etxanizenea bezala ezaguna zen han zegoen baserria, familia horren birraitonarengatik: “Hemen egotearen zergatia gure arbasoek emandako oinordetzari esker da. Etxeak duen izena gure birraitona zenari esker jasoa izan da. Juan Jose Etxaniz, 35 urte luzetan Gipuzkoako bidezaina, kamiñeroa izana”. Haien birramona ere izan du gogoan: “Hau guztia posible egin zuena gure birramona Gervasia Lasa Gurrutxaga izan zen. Senarra etxetik kanpo zebilen bitartean baserria zein familia aurrera atera zituelako, gaur arte etxea guregana iristea ahalbidetuz”.
“Familia proiektua” dela nabarmendu du Aiestak. Etxetik gertu kokatu dute landetxea, ondoan baina Ezkio-Itsasoko lurretan dagoen Mandubizar etxaldean bizi baitira. Etxalde agroekologiko horren dibertsifikazio egitasmo gisa garatu dute landetxearen proiektua: “Mandubi gain ekotopo honetan behi txahal hazkuntzarako ekologikoan zertifikazio publikoa duen eta eredu agroekologikoan aurrera daramagun etxaldearen katebegi bat gehiago da hau”. Hiriguneen zaratatik urrun eta Beasaindik 8 kilometrotara, “oasi izan nahi du” Kamiñonek: “Zerbitzu gehigarri gisa, bertako, gertuko kolektiboan jardundako eta agroekologikoaren bidean elikagai osasuntsuenak eskaintzeaz gain, erretiro leku lasaia, naturaren sintonian”, azaldu du Aiestak.
“Mandubi gain ekotopo honetan behi txahal hazkuntzarako ekologikoan zertifikazio publikoa duen eta eredu agroekologikoan aurrera daramagun etxaldearen katebegi bat gehiago da hau”
Garikoitz Aiesta. Kamiñoneko jabea
Ekintzaile izatearen “eta are gehiago landa eremuan ekintzailetza proiektu bat aurrera eramatearen zailtasunak” aipatu ditu, arauak “zorrotzak, askotan zurrunak” direla argudiatuta. Haren esanetan, arau horiek askotan “landa errealitatetik urrun ezarriak, hiri-zentrismoan oinarrituak” izaten dira, “burokrazia, administrazioaren tenpoak, inbertsioa gauzatzeko inbertsio finantzazio behar ia ase-ezinak” ekartzen dituztenak. Baina errealitate horretan ere, “argi izpi interesgarriak” daudela nabarmendu du, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak publikatzen dituen Leader diru laguntzak. “Kamiñonen laguntza esanguratsua etorri da eta horri esker inbertsioa gauzatzeko aukera izan dugu, funts propio eta banku finantzaketaz gain”.
Turismo Sailaren, Goiturren, Nekaturren, Mendineten eta Goimen eta Debagarai landa garapen elkarteen inplikazioa ere eskertu ditu.

Joseba Andoni Terreros Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaria, Garikoitz Aiesta landetxeko jabea, Leire Artola Beasaingo alkatea eta Libe Otegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko Zuzendaria, Kamiñone landetxearen inaugurazioan.Laida Goiburu
Leire Artolak ere hartu du hitza inaugurazioan. Beasainen “industria, berrikuntza, mugimendua eta herrigune indartsu bat” egoteaz gain, landa auzoak “herriaren muina, paisaia, natura eta erroak babesten dituen altxor sakona” direla azpimarratu du, eta Kamiñone “leku apartatzat” jo du “landa eremu horiek ezagutzera emateko”. Beasaingo zein Goierri osoko “ostatu eskaintza indartzera” dator Kamiñone alkatearen hitzetan.
Bide beretik, Libe Otegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko Zuzendariak aipatu du landetxeak aldundiaren barnealdeko turismo estrategiarekin bat egiten duela. Esan duenez, turismo slow edo turismo motela du helburu aldundiak, eta eskaintza mota horrekin bat egiten du Mandubi gaineko landetxeak: “Horrek suposatzen du jarduera turistikoa handitzen dela, dendetan gehiago saltzen dela, jatetxeetan gehiago jaten dela… eta hori da nahi duguna turismoaz hitz egiten dugunean”.
Joseba Andoni Terreros Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaria izan da hitzaldian hitza hartzen azkena. Landa eremuan egiten diren inbertsioetan jarri du arreta: “Oso beharrezkoa dira horrelako inbertsioak landa eremua garatzeko”. Leader diru laguntzak horrelako proiektuetarako jarri ziren martxan Terrerosen esanetan, eta horregatik “pozgarria” da berarentzat proiektua martxan ikustea. Baliabide turistiko soilak izatetik harago, “ekonomia dibertsifikatzen” laguntzen dutela adierazi du: “Aukera ematen die familiei beraien bizitza-proiektuak landa esparruan egiteko, eta hortik harago doan jarduera ekonomikoa sortzen dute”.
Landetxea bisitatu ondoren, inaugurazioan parte hartu duten ordezkarientzat Biziola kooperatibak prestatutako mokadutxoa izan da. Larunbatean lagunarteko inaugurazioa egingo dute, eta hurrengo asteetan irekitzea aurreikusi dute.












