Mariia Slashcheva, Joseba Korta eta Noel Redolarren kontzertua, larunbatean
Iazko Igartza Bekaren irabazleak dira. 19:00etan da, Igartzako jauregian.
Noel Redolar, Joseba Korta eta Mariia Slashcheva, iaz, beka jasotzen.Beasaingo Udala Mariia Slashcheva, Joseba Korta eta Noel Redolar musikari gazteek kontzertu berezia eskainiko dute larunbatean, uztailaren 4an, Beasaingo Igartzako jauregian. Iazko edizioan Igartza Musika Beka eskuratu ondoren hartutako konpromisoari erantzunez, Beasainera itzuliko dira herritarrei euren maila aparta eskaintzeko. 19:00etan hasiko da.
Beasaingo Udalak eta Musikene Kontserbatorioak kulturaren eta goi-mailako musika-hezkuntzaren alde egiten duten apustu sendoaren erakusgarria da hitzordu hori. Sorkuntza babesteko helburuarekin, udalak emandako beken irabazleek —Gradu mailan 2.200 euro eta Master mailan 3.300 euro jaso dituztenak— herrian kontzertu bakar eta berezi bat eskaintzeko konpromisoa hartzen dute. Modu horretan, bekaren emaitza zuzenean itzultzen zaie beasaindarrei.
Gradu mailako beka jaso zuten Mariia Slashcheva txelojotzaile errusiarrak eta Joseba Korta pianista hernaniarrak hartuko dute parte, Master mailako saria eraman zuen Noel Redolar pianista zaragozarrarekin batera. Hirurek nazioarteko erreferentziazko obrekin osatutako kalitatezko egitaraua prestatuko dute.












