Aizkorri eta Zegama bat direla aldarrikatu dute 25. Aizkorriko Lagunen Egunean
Goizean mendi irteera egin dute, eta beherakoan, Eusko Labeldun hegaluzea eta sagardoa dastatzeko aukera izan da herriko plazan.
Duela mende laurden hasi ziren Zegaman Aizkorriko Lagunen Eguna ospatzen, herria eta Aizkorri bat eta bera direla aldarrikatuz.
Ohiturari jarraituz, mendi irteerarekin eman diote hasiera egunari. Mendizaleak bi taldetan banatu dira: lehenak 06:30ean abiatu dira Zegamatik, eta 07:30ean bigarrenak, Aldaolako aparkalekutik. Azken horiek San Adrian-Aizkorri-San Adrian ibilbidea osatu dute.
Bi taldeak 09:30ean elkartu dira Aizkorriko tontorrean, eta tradizioari eutsiz, cavarekin topa egin dute. Beherakoan, berriz, Eusko Labeldun hegaluzea eta sagardoa dastatzeko aukera izan da herriko plazan, 12:30etik 15:00etara, udalak eskainita.













