Emilio Garciak irabazi du 98. Loinatz Proba
Bigarren postuan sailkatu da Igor Bellido, eta podiuma betetzen azkena, Mateo Vierge izan da. Loinatz Txirrindulari Elkarteko kide Victor Martinez eta bere emazte Isabel ere omendu dituzte.
Aurtengo edizioko irabazleak 98. Loinatz Proba eta XV. Ion Lazcanoren omenezkoa jokatu dute goizean Beasainen. Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariek hartu dute parte lasterketan, eta guztira 180 ziklista inguru lehiatu dira, 28 taldetan banatuta.
Gaurkoan, Finisher taldeko Emilio Garcia Gomez izan da helmuga zeharkatzen lehena, eta mendiko sailkapena ere berarentzat izan da. Bigarren postuan sailkatu da High level Gsport taldeko Igor Bellido Mikhailov, eta podiuma betetzen azkena, Eulen Amenabar taldeko Mateo Vierge izan da. Taldekako sailkapenean, berriz, Gomur Cantabria Deporte izan da onena.
Sona handiko proba
Urtez urte sendotuz joan da Loinatz proba, eta dagoeneko erreferentziazko hitzordua bilakatu da elite eta 23 urtez azpiko txirrindularientzat. Parte hartzaileen mailak eta baita ere antolakuntzaren lanak ospe handia eman diote lasterketari. Horren adierazle, sari banaketa ekitaldiaren ondoren, Loinatz Txirrindulari Elkarteko kide Victor Martinez eta bere emazte Isabel omendu dituzte, urte luzez elkartearen alde egindako “lan amaiezina” aitortu eta eskertzeko.
Ekitaldian, Martinezen semeak eta ilobak agurra dantzatu diete. Hunkituta eta malkoei ezin eutsita jaso du aitortza Martinezek. Dena den, argi utzi du ez dela agur bat izan: Loinatz Txirrindulari Elkartean lanean jarraitzeko asmoa duela adierazi du.













