Santa Ixabel jaien azken eguna ospatzen ari dira Aian
Gaurko egitaraua ekintzaz beteta dator: goizean emakume sortzaileen azoka, abesbatzaren saioa eta kantu-potea egin dituzte; arratsaldean, berriz, dantza ikuskizuna eta pilota partidak izango dira.
Jende ugari hurbildu da Erroipe zentrora. Gaur amaituko dira Ataungo Santa Ixabel jaiak, ostegunean abiatu ziren ospakizunei azken agurra emanez. Goizetik bertatik izan da mugimendua Aiako auzoan, eta arratsaldean ere ez da ekitaldirik faltako.
Goizeko hitzordu nagusia Ataungo emakume sortzaileen azoka izan da, Aiako Erroipe zentroan. Ataungo Biboletak Emakumeen Taldeak antolatutako ekimenean bost sortzaile inguruk hartu dute parte, eta herritarrek askotariko produktuak ezagutzeko eta erosteko aukera izan dute: bitxiak, ilustrazioak, eskulanak, kosmetika naturalak, osagarriak nahiz elikagaiak, besteak beste. Azokaren bidez, emakume sortzaileen lana ikusaraztea, inguruko sormenari balioa ematea eta tokiko ekonomia sustatzea izan da antolatzaileen helburua.
Ondoren, 12:00etan, EATE abesbatzak emankizuna eskaini du Aiako elizan, eta ondoren luntxa eta kantu-potea egin dituzte bertaratutakoek.
Jai egitarauak arratsaldean izango du jarraipena. 17:00etan, Otsoak Dantza Taldeak dantza emanaldia eskainiko du, eta 18:30ean pilota partidek emango diete amaiera eguneko kirol hitzorduei. Horrela, Santa Ixabel jaiek agur esango diote aurtengo edizioari.













