1.038 etxebizitza berri proposatzen dituen HAPOa onartu du udalbatzak
Indarkeria matxistaren aurkako barne-protokoloa aho batez onartu da. Udal mozio bat ere onartu du udalbatzak, 2026an betetzen diren bi efemerideren harira: 1876ko Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta 1976ko Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena.
Beasaingo ikuspegi orokorra.Beasaingo Udala Beasaingo udalbatzak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berritzea onartu du ekaineko osoko bilkuran. Udal gobernuak aurkeztutako dokumentuak behin-behineko onespena jaso du, EAJren bederatzi aldeko bozkekin. PSE-EEren bi zinegotziek kontrako bozka eman dute, eta EH Bilduren laurek eta Elkarrekin Podemosen bakarrak abstentzioa eman dute. HAPOak 1.038 etxebizitza berri proposatzen ditu.
Planaren indarraldiaren lehen erdian 438 etxebizitza berri aurreikusten dira, jada martxan dagoen Fleming-ekoari gehitu zaizkionak. Udalak azaldu duenez, horien artean, Ugartemendiko sektorean “%100ean alokairu publikora bideratuko diren 94 etxebizitza” aurreikusten dira. Antzizar I eremuan 44 etxebizitza berri txertatuko dira eta Arangoitin beste hamabi, “bi kasuetan %40 babestuak izango direlarik”. Alde Zaharra eremuan 81 etxebizitza gehigarri merkaturatzeko aukera ahalbidetuko da “eraikigarritasun igoerari esker”.
Landa-auzoei dagokienez, udalaren hitzetan “biztanleria mantentzeko eta despopulazioa saihesteko”, gaur egungo baserrietan segregazioak egiteko baldintzak “malgutuko” dira, eta, horren bidez, 47 etxebizitza aurreikusten dira. Etxebizitza garapen berriei “bidea irekiko zaie”, Arriaranen 24, Garinen hamasei, Matxinbentan lau eta Astigarretan bi etxebizitza berrirekin.
Planaren bigarren erdian, berriz, egungo burdinbidea desagertu arazi eta trenbidearen ibilbidea N1 errepidearen ondora eramateko proposamena aipatzen da HAPOan. “Trenbidearen Zabalgunean 600 etxebizitza berri proposatzen dira, horietatik %45 babes publikokoak, eta inguru horretan gune berdeak, plazak, zerbitzuak, geltoki intermodal bat eta N1etik sarbide berriak sortuko lirateke, besteak beste”, azaldu du udalak.
Indarraldi osoa kontuan hartuta 1.038 etxebizitza berri proposatzen dira. “Eta Alde Zaharreko birgaitze desberdinei esker, zifra hori 1.063ra iritsiko litzateke”.
Behin-behineko proposamena onartuta, dokumentua dagokien erakundeei bidaliko diete azken txostenak egin ditzaten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren behin betiko onespena eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea izango dira azken urratsak HAPOa erabat indarrean sartu dadin.
Indarkeria matxistaren aurkako barne-protokoloa
Ekaineko osoko bilkuran beste hainbat gai jorratu eta onartu ditu udalbatzak. Aho batez onartu da Beasaingo Udalaren sexu-jazarpenari, sexu eta genero-arrazoiengatiko jazarpenari eta beste indarkeria matxistei aurre egiteko barne-protokoloa. “Tresna honek udal langile guztien oinarrizko eskubideak babestea du helburu, lan-ingurune segurua bermatuz”.
Horrez gain, 2025eko Kontu Orokorra ere aho batez onartu da. Kontu-hartzailetza txostenaren arabera, udalak “finantza egoera oso sendoa” du, “erabat zorrik gabe”. Diruzaintzako gerakina gastu orokorretarako 24,2 milioi eurokoa dela zehaztu du udalak. “Arau fiskalak berraktibatu diren urte honetan egonkortasun legea erabat bete da, urtea 1,19 milioi euroko superabitarekin itxi baita”.
Bi efemerideren inguruko mozioa
Udal mozio bat onartu du udalbatzak, 2026an betetzen diren bi efemerideren harira: 1876ko Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta 1976ko Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena. Mozioak EAJ (9) eta EH Bilduren (4) aldeko hamahiru bozkak jaso ditu, Elkarrekin Podemosen abstentzioa (1) eta PSEren aurkako bi bozkak. Udalak adierazitakoaren arabera, testuak “euskal lurraldeen eskubide historikoen eta autogobernuaren defentsa” egiten du, “udalerriek herriaren borondate demokratikoa adierazteko duten funtsezko papera aldarrikatuz eta uztailaren 19an Bergaran egingo den ekitaldi instituzionalarekin bat eginez”.













