Arrosaz koloreztatuko da Legazpi larunbatean, Katxalin Egunarekin
Bularreko minbizia dutenen alde elkarteak egiten duen lana ikusi arazi nahi dute, eta ikerketarako dirua bildu. Pintxo solidarioak salduko dira, bazkaria ere egongo da eta musikarik ez da faltako.
Legazpiko Katxalin elkarteko hainbat kide, uztailean ospatutako Katxalin egunean.Tere Madinabeitia Bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa duten emakumeen aldeko Katxalin elkarteko Legazpiko kideek eta udalak bat egin dute, larunbaterako, uztailak 11, elkartasun jai egun borobila antolatzeko eta herri osoa arrosa kolorez janzteko. Katxalin Egunaren bigarren edizioa izango da, eta aurrekoan bezala, musikaz, gastronomiaz eta adin guztietako jendearentzako jarduerez beteko du herria, gaixotasun horiei ikusgarritasuna emanez, eta ikerketarako dirua bilduz.
Lehen Katxalin Eguna iazko uztailaren 3ko arratsaldean ospatu zen. Iker Azpeitia legazpiarraren ekimenez antolatu zen festa, eta elkartasunak bultzatuta, hainbat herritar, elkarte eta eragile biltzea lortu zuen. Orduan, Katxalin elkartearen lanari aitortza egitea eta dirua biltzea zen helburua. Orain ere helburua errepikatzen da, baita herritarren partaidetza ere, hainbatek parte hartuko dutelako bigarrenez ere festa kutsua izango duen larunbateko jarduera honetan.
Egun osoko festa
Lehen edizioa arratsaldeko festara mugatu zen, baina bigarren Katxalin Eguna goiz eta arratsaldez ospatuko da. Ekitaldiak 12:00etan hasiko dira, erraldoiek eta musikariek lagunduta Hegialdetik abiatuta erdigunera bitartean egingo duten kalejira batekin. Ondoren, 13:30ean, pintxo solidarioa dastatzeko aukera izango da Euskal Herria plazan. Bildutako diru guztia BioDonostia institutura bideratuko da, minbiziaren aurkako ikerketa bultzatzeko.
Bazkariarekin jarraituko du festa egunak, 14:30ean, Azokan. Lekanazpi elkarteko kideek prestatutako paella izango dute bazkaltzeko, edariz eta postrez lagunduta. Bazkalostean, haurrentzako jolas saioak izango dira.
Arratsaldeak perkusioaren erritmo biziarekin jarraituko du, 17:00etan hasita, belaunaldi ezberdinetako legazpiarrek osatutako Labbatu batukada taldearekin. Festak Kale Nagusian izango du jarraipena eta amaiera, Subeltza Band taldeak 18:00etan hasita egingo duen kontzertuarekin.
Katxalin, Legazpin 2020tik
Bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa duten emakumeak biltzen dituen Katxalin elkartea 1999an sortu zen Gipuzkoan, baina 1987an jaio zen Gipuzkoako Emakume Mastektomizatuen elkartean du jatorria. Legazpin beranduago eratu zen taldea, 2020an, Ana Martin legazpiarraren ekimenez.
Martinek bularreko minbizia izan zuen, eta inguruko herrietako Katxalin elkarteetara jo zuen babes bila. Ordiziakoa, Bergarakoa eta Zumarragakoa ezagutu zituen, eta Legazpin ere taldea sortzeko aukerak bazeudela ikusita, legazpiar gehiagoren laguntza jasota delegazio txiki bat jarri zuten martxan.
Udalaren babesa ere lortu zuten, eta honek lokal bat utzi zion elkarteari, Santurnino Telleria kalean, musika eskolaren lehengo egoitzan. Han elkartzen dira Kaltxalinekoak astearte arratsaldetan, 17:00etatik aurrera. Talde irekia da.
Astearteetako bilera horiek egiteaz gain, Legazpiko Katxalinek Gipuzkoako elkarteak antolatzen dituen kanpainetan ere parte hartu eta laguntzen du.












