Hiri-logistika jasangarria izango da aztergaia aurten ere Beasainen Uda Ikastaroan
Irailaren 10ean izango da. Hiri-logistikaren eta mugikortasunaren inguruko "hausnarketa sakona" mahai gainean jartzea da helburuetako bat. Zaldibian, plastikoaren murrizketarako eta artilearen balorizaziorako aukerak azalduko dituzte irailaren 11n.
Idoia Otaegi, Leire Artola eta Adur Ugartemendia, Beasaingo Uda Ikastaroaren aurkezpenean.Laida Goiburu Hiri-logistika jasangarria izango dute aztergai irailaren 10ean EHUren 45. Uda Ikastaroan barruan Beasainen. Merkataritza elektronikoaren gorakadak eragindako mugikortasun eta logistika erronkei erantzuteko aukerak eta tresnak izango dituzte hizpide hainbat adituk, Hiri-logistikaren transformazioa: teknologia eta eredu arrakastatsuak izenburupean. Matrikula irekita dago, uik.eus webgunean.
Seigarren urtez antolatu dute elkarlanean Beasaingo Udalak eta EHUk Uda Ikastaroa Beasainen. Azken urteetan mugikortasun jasangarrian eta hiri-logistikan jarri dute arreta. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengoa Igartzako jauregian Leire Artola Beasaingo alkateak, Idoia Otaegi UIK-ko zuzendari akademikoak eta Adur Ugartemendia Beasaingo Udaleko Lurraldea saileko buru eta ikastaroaren zuzendariak.
Leire Artolaren esanetan, “gizartearentzat berebiziko garrantzia duten gaiei” heltzeko topagunea da ikastaroa: “Uda ikastaro hauek unibertsitateko gelak kaleetara hurbiltzeko balio digute, herritar guztiei kalitatezko ezagutza praktikoa eskainiz”. Hiri-logistikaren eta mugikortasunaren inguruko “hausnarketa sakona” jarri nahi du mahai gainean udal gobernuak, “klima aldaketaren aurkako borrokan eta herriko kaleak espazio atsegin, seguru eta atseginagoak bihurtzeko bidean pauso sendoak” emanda. Online erosketek banaketa ereduak eraldatu dituenez, tokiko merkatariei ere “modu deskarbonizatuan lehiatzeko dituzten aukera eta tresnak” eskaini nahi dizkiete ikastaroaren bidez.

Idoia Otaegi, Leire Artola eta Adur Ugartemendia, Beasainen egingo den ikastaroa aurkezten.Laida Goiburu
Ezagutza partekatua erakundeen elkarlanetik sortzen dela nabarmendu du Idoia Otaegik. Pentsatzen duzulako gara da aurtengo edizioko leloa, eta mezu horren bidez “gizartearen erronka nagusiei aurre egiteko tresnarik eraginkorrena pentsamendu kritikoa, elkarrizketa eta ezagutza partekatua” direla aldarrikatu nahi dute zuzendariaren esanetan. “UIK-n uste dugu unibertsitatearen egitekoa ez dela ezagutza sortzea soilik, ezagutza hori gizartera eramatea baizik”. Adituen bitartez gaur egungo erronkak eta esperientzia arrakastatsuak ezagutzeko aukera eskainiko dute Beasainen, “hausnarketatik ekintzara igarotzeko bide bat eraikiz”.
Merkataritza elektronikoa, %25ean
Bi zati izango ditu ikastaroak, teoria eta praktika uztartuta. Adur Ugartemendiak azaldu duenez, bi erronka nagusi jorratuko dituzte. Batetik, komertzio elektronikoak eduki duen gorakada. Datu batzuk eman ditu horren eragina adierazteko: “2008. urtetik gaur egunera arte %9tik %25era igaro da merkataritza elektronikoa. Horrek inpaktu handia du gure herriko mugikortasunean, espazio publikoan, bizikidetzan eta ingurumenean. Europar Batasun mailan estimatzen da berotegi efektuko isurpenen %25 konbustio bidezko garraio bideekin sortzen dela”. Bestetik, tokiko merkataritzan duen eragina. Horregatik, garrantzia emango diete teknologia eta eredu berriek eman ditzaketen aukerei: “Plataforma digitalek, estandarizazio prozesuek, banaketa deskarbonizatu ereduek edota ziklo-logistikak zer aukera eskaintzen dituzten partekatuko dugu saioan”.
Zati teorikoan hiru hizlari ariko dira: Jordi Espin Transprimeko idazkari nagusiak azken miliako logistikak hirigintza-plangintzan duen garrantzia aztertuko du; Enrique Sanchez Standtrack-eko zuzendari nagusia salgaien banaketaren estandarizazioari buruz ariko da; eta Smartlog-eko Rafael Zulueta salmenta-kanaletarako soluzio intralogistikoak aurkeztuko ditu. Zati praktikoan, berriz, Madrilgo Udaleko Lola Ortiz Sanchezek Madrilgo Canalejas 360 mugikortasun eta logistika hub-a azalduko du; Hermeneus World-eko Frank Elorriagak TACTIS Logistics proiektuaz hitz egingo du; eta BasqueCCAM-eko Sara Ahetze Puignauk tokiko merkataritzaren logistikako tresnak eta azken miliaren digitalizazioa izango ditu hizpide, Beasaingo Tori! ekimenean oinarrituta.
Online konektatzeko aukera izango dute matrikula egiten dutenek, ez du zertan presentziala izan. Saioa grabatuko dute, eta matrikula egiten dutenek eskuragai izango dute grabazio hori 3 hilabetez plataforman.
Artilearen balorizazioa, Zaldibian
Irailaren 11n, Zaldibiako Goizane Zentroan izango da Uda Ikastaroa: Ekonomia Zirkularreko proiektuak lehen sektorean. Gipuzkoan plastikoaren murrizketarako eta artilearen balorizaziorako aukerak azalduko dituzte, sektoreko eragileak konektatzea, proiektu pilotu posibleak identifikatzea eta egun daudenak ezagutaraztea helburu.












