Kaleratzea eta murrizketak atzera botatzea eskatu dute San Jose egoitzako langileek
Greba eguna dute gaur eta Ordiziako kaleak hartu dituzte. Kaleratzea eta murrizketak atzera botatzea eta hitzarmen duin batera bidean baliabideak jartzea eskatu diote Foru Aldundiari.
Gaur goizeko manifestazioko irudia. Izaro Villarreal Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako langileek greba eguna dute gaur ere, eta azken asteetan San Jose egoitzan izandako grebalari baten kaleratzea salatzeko, emandako murrizketak atzera botatzeko nahiz hitzarmen duin batera bidean baliabideak jartzea eskatzeko Ordiziako kaleak hartu dituzte. Atzoko egunez, berriz, Donostian mobilizatu ziren.
Greba mugagabean dauden egoitzetako langileek 243. greba eguna dute gaur, eta ELA sindikatuak jakinarazi duenez, gatazkak ez du konponbiderako biderik hartu, eta egoerak «okerrera» egin du. Orain aste batzuk langileek salatu zutenez, grebalari bat kaleratu zuen Ordiziako San Jose egoitzaren kudeaketa daraman Zaintzen-Clece enpresak, eta hori gutxi ez, lan-baldintzen murrizketak ere aplikatzen hasiak direla jakinarazi dute. Enpresa hori KABIA Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakunde autonomoak azpikontratatuta dago.
Uztailaren 22an hurrengo hitzordua
Egoera horren aurrean, hartutako neurriak atzera bota ditzan eskatzeko proposamen bat mahai gainean jarri du ELA sindikatuak, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Uztailaren 22an dute Foru organismoarekin hurrengo hitzordua. «Egoera aztertzeko urgentziazko bilera eskatu genion Foru organismoari, baina entzungor egin du, eta ez dira hori baino lehen gurekin bilduko», dio sindikatuak.
ELAk «oso larritzat» jo du egoera, eta azken urteetan sektoreak hartu duen norabidearekin lotu du gertatutakoa: «Azken urteetan lan baldintzak okertze nabarmena jasan dute eta langileak -5.000 bat guztira, ia denak emakumeak-, gero eta prekarioagoak dira, hala nola kontratuen partzialitatearen igoera, soldata arrakalaren areagotzea, lan karga izugarriak eta lan osasuneko arazoek ere gora egin dute».
Testuinguru horretan, langileek lan baldintzak hobetzeko eta prekarietatik ateratzeko neurriak eskatzen jarraitzen dute langileek, baina negozioazio mahaiak «blokeatuta» jarraitzen duela nabarmendu du sindikatuak. Hori dela eta, Foru Aldundiari kaleratze eta murrizketak atzera botatzea eta langileak prekarietatik aterako dituen hitzarmen baterako baliabideak jartzea eskatu diote.
Argazkiak: Izaro Villarreal













