Maria Arana Gaiztarro parkearen inguruko hausnarketa prozesua amaitu dute
Inkestan parte hartu duen %90,3ak uste du parkeak premiazko berritze-lanak behar dituela gaur egun zaharkituta dagoelako.
Prozesuan parte hartu duten herritar eta eragileak Arana Gaiztarro parkean.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak Maria Arana Gaiztarro parkearen inguruan martxan jarritako hausnarketa prozesua amaitu da. 145 herritarrek parte hartu dute inkestan. Adostasun nagusia da “belaunaldien arteko babesleku klimatiko egonkor eta irisgarri” bihurtzea parkea, udalak azaldu duenez.
Inkestan parte hartu duen %90,3ak uste du parkeak premiazko berritze-lanak behar dituela gaur egun zaharkituta dagoelako. “Entzuketa-kanalek argi utzi dute herritarrak kezkatuta daudela irisgarritasun fisikoaren faltagatik eta gizalegezkoak ez diren jokabide txarrak errotik mozteko premiagatik”. Hiru ardatz nagusitan banatu dituzte ondorioak.
Batetik, parte hartzaileen %89,6ak eremu berdeak ongizatearekin lotzen ditu. Herritarrek lehengo lorategiaren jatorrizko izaerari eutsi nahi diote; horretarako, egungo zortzi magnolioak zorrotz babestuko dira eta urtaroen joana islatuko duten koloretako landareekin zein landare usaintsuekin zentzumen-ingurune bat indartuko da. Gainera, ura txertatuko da diseinu moderno eta jasangarri baten bidez, inguruari freskotasuna eta hots lasaitzailea emateko. Ur-txorrota gauez itzali egingo da, ondoko etxebizitzetako bizilagunen atsedena errespetatzeko.
Bestetik, parte-hartzaileen % 83,6ak defendatzen du parkeak adin guztietarako erosoa izan behar duela. Haur-parke tradizionalen ikuspegi esklusiboa baztertu eta naturan zein paisaian integratutako jolas-elementu txikiak jartzearen alde egin da apustu. “Nabarmentzekoa da Esteban Lasa kalearen aldean harmaila bat jartzeko herritarrek egindako proposamena: gune hori nagusientzat atsedenleku eta txikienentzako jolas-eremu izango da aldi berean”, esan du udalak.
Azkenik, parkea erabiltzen ez dela ondorioztatu da, eta horretarako “argiztapena funtsezkotzat” jo dute. “Argi-diseinua udala egiten ari den puntu beltzen azterketarekin koordinatuko da zuzenean; horrela, gune ilunak kenduko dira eta herritarren arteko harremana erraztuko duen hiri-altzari inklusiboa txertatuko da”.
Diagnostiko eta entzuketa aktiboko fasea amaituta, ondorioak talde teknikoari helaraziko dizkio udalak, behin betiko exekuzio-proiektua idatzi dezan. Tokiko administrazioaren konpromisoa da amaitutako diseinua auzokideei erakustea, lanak lizitatzeko prozesua hasi aurretik.












