Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti omenduko ditu aldundiak
1936ko estatu-kolpearen eta gerraren hasieraren 90. urteurrenarekin bat eginez antolatu du memoria eta aitortza ekitaldi instituzionala aldundiak, bien ibilbidea omentzeko.
Paco Etxeberria 2026ko Goierriko txotx irekiera ekitaldian, urtarrilean.Iñaki Gurrutxaga Paco Etxeberria (Beasain, 1957) eta Lourdes Herrasti (Donostia, 1958) omenduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren 17an 18:00etan Aieteko Jauregiko lorategietan, Donostian, 1936ko estatu-kolpearen eta gerraren hasieraren 90. urteurrenarekin bat eginez.
Urtemuga horiek baliatuta, aldundiak aitortza ekitaldi instituzionala egingo du. “Aiete memoria-lekua eta Giza Eskubideen Etxearen egoitza izanik, esanahi bereziko gunea da ekitaldi hau hartzeko”, azaldu du.
Herrasti zein Etxeberria erreferente dira frankismoaren biktimen ikerketan, desagertutako pertsonen hobien lokalizazioan, gorpuzkien berreskurapenean eta identifikazioan, eta, aldundiaren hitzetan, “haien ibilbideak ekarpen erabakigarria egin dio memoria demokratikoaren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko lanari”.
Aitortza Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.
Beste behin antolatu du memoria eta aitortza ekitaldi instituzionala aldundiak, aurten 1936ko estatu-kolpearen eta gerraren hasieraren 90. urteurrenarekin bat eginez. Azken urteetan 36ko gerrako eta diktadurako biktimak omendu dira, baita memoria demokratikoaren alde lan egin duten pertsona eta erakundeak ere.
Paco Etxeberriak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideen Saria jaso zuen 2006an. Lourdes Herrastik, berriz, erakundearen lehen aitortza instituzionala jasoko du, arkeologia forentsearen eta memoria historikoa berreskuratzeko lanaren arloan egindako ibilbide eredugarriagatik.

Lourdes Herrasti.Aranzadi












