Elkartasuna sendagai
Arrosa koloreak hartu du gaur Legazpiko Azoka, Bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa duten emakumeen aldeko Katxalin egunean.
Legazpiko Katxalin eguna irudia, gaur eguerdian. Iñaki Gurrutxaga Bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa duten emakumeen aldeko Katxalin eguna ospatu dute Legazpin bigarren aldiz, herrigunea elkartearen ikur den kolore arrosaz jantziz.
Ekitaldiak eguerdian hasi dira, erraldoiek eta musikariek lagunduta Hegialdetik abiatuta erdigunera bitartean egin duten kalejira batekin. Ondoren, 13:30ean, pintxo solidarioa dastatzeko aukera izan da Euskal Herria plazan. Bildutako diru guztia BioDonostia institutura bideratuko da, minbiziaren aurkako ikerketa bultzatzeko.
Bazkariarekin jarraitu du festa egunak, 14:30ean, Azokan. Lekanazpi elkarteko kideek prestatutako paella izan dute bazkaltzeko, edariz eta postrez lagunduta. Bazkalostean, haurrentzako jolas saioak izan dira.
Arratsaldeak perkusioaren erritmo biziarekin jarraituko du, 17:00etan hasita, belaunaldi ezberdinetako legazpiarrek osatutako Labbatu batukada taldearekin. Festak Kale Nagusian izango du jarraipena eta amaiera, Subeltza Band taldeak 18:00etan hasita egingo duen kontzertuarekin.













