Elkar Zainduz Legazpin ekimenak aurrera jarraitzen du
Zaintzaren alorreko diagnostikoa egin eta gero, ekintza zehatzekin hasiko dira irailetik aurrera. Udalaren ekimenak Bitar-Bask erakundearen laguntza eta Aldundiaren babesa izango du.
Legazpiko zaintza sarea indartzeko helburuz, eta alor horretan herriak etorkizunerako dituen erronkei aurre egiteko udalak martxan jarritako Elkar Zainduz Legazpin ekimenak urrats berria egin du. Hasierako diagnostiko batetik abiatuta, ekintza zehatzak prestatuko dituzte irailetik aurrera, sortu nahi duten Zaintzen Mahaiarekin batera eta herritarren partaidetzarekin.
Bide horretan Bitar-Bask erakundearen laguntza izango dute, Foru Aldundiaren babesarekin batera. Bitar-Bask bizikidetzan, ongizate emozionalean, komunitate-partaidetzan eta gizarte-berrikuntzan espezializatutako irabazi-asmorik gabeko erakundea da.
Diagnostikotik erronketara
Zaintzei buruzko diagnostikoan profesionalek, elkarteek eta beste hainbat eragilek parte hartu dute, herrian gai horren inguruan dagoen errealitateari eta etorkizuneko erronkei buruzko ezagutza eta ikuspegia partekatuz. Diagnostikoak erakutsi du Legazpin “komunitate bizia eta elkarte sare sendoa” daudela, eta “herritarren ongizatearen alde lanean ari diren pertsona askoren konpromisoa” ere badagoela.
Egoera horretatik abiatuta, etorkizunerako erronkak diseinatzen hasi dira, eta horien artean daude dagoeneko existitzen diren baliabideei ikusgarritasun handiagoa ematea, herritarren partaidetza indartzea, zaintzaileei laguntza eta prestakuntza handiagoa eskaintzea, eta osasun arretara mugatzen ez duen zaintzaren ikuspegia sustatzea, ikuspegi komunitarioa, soziala eta emozionala ere barne hartuko dituena.
Zaintza Mahaiaren eraketa
Hori guztia gauzatzeko lehen urratsa Legazpiko Zaintza Mahaia eratzea izango da. Bertan udaleko ordezkariak, profesionalak, elkarteak eta komunitateko beste eragile batzuk elkartuko dira. Mahaiaren egitekoa izango da herriko beharrak aztertzea, informazioa partekatzea, lankidetzarako aukerak identifikatzea, eta datozen urteetan bultzatuko diren ekintzak bideratzea. Zehaztu dutenez, “azken batean, Legazpin dagoen ezagutza eta esperientzia baliabide erabilgarri” bihurtuko dute, “udalerriak dituen gizarte erronkei hobeto erantzuteko”.
Horretara ez direla “hutsetik abiatuko” diote udal ordezkariek, “Legazpi zaintzen duen komunitatea da dagoeneko. Egunero pertsona, elkarte eta zerbitzu askok ezinbesteko lana egiten dute. Orain dugun erronka potentzial hori guztia konektatzea da, elkarrengandik ikasi eta erantzun partekatuak eraiki ahal izateko”.
Bestalde, nabarmendu dute prozesuak agerian utzi duela “beharrezkoa dela zaintzak ulertzeko modua gizartearen errealitate berrietara egokitzea, zaintzaileei laguntza handiagoa eskaintzea, eta belaunaldien arteko elkarlanean eta erantzunkidetasunean oinarritutako komunitate kultura sendotzen jarraitzea”.
Herritarren partaidetza
Proiektuak herritarren parte hartzearekin hazten jarraitzea nahi dute. Horregatik, datorren irailean, Elkar Zainduz Legazpin kalera aterako dute informazio gune ireki baten bidez. Bertan, ekimena ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta Legazpin zaintzak nola bizi diren eta etorkizunerako zein erronka jotzen dituen lehentasunezkotzat partekatzeko aukera izango dute herritarrek.
Jasotako ekarpenek orain arte egindako diagnostikoa osatuko dute, eta Zaintza Mahaiaren lana aberastuko dute, herrian bizi diren pertsonen eguneroko esperientzia prozesuan txertatuz.
Ondoren, diagnostikoaren ondorioak ekintza zehatz bihurtzen hasiko dira. Hala, Zaintza Mahaia martxan jarriko dute, herritarren ekarpenak jasotzen jarraituko dute, eta Elkar Zainduz Legazpin proiektuaren lehentasunak modu partekatuan definituko dituzte.
Proiektuaren sorrera
Udalak proiektu honen sorrera ere gogoratu du:
“Zaintzea edozein herritako eguneroko bizitzaren parte da. Bizilagun bati medikuarenera laguntzea, familia bati behar duenean eskua luzatzea, elkarte batean parte hartzea, une zail bat bizitzen ari den norbait entzutea edo egun batzuk etxetik irten ez den pertsona batez arduratzea ere zaintzea da. Askotan oharkabean pasatzen diren keinuak dira, eta gainera, gehienetan emakumeen gain erortzen dira. Hala ere, eguneroko zaintza horiek dira komunitate baten bizitza sostengatzen dutenak.
Gizartea ere aldatzen ari da. Gero eta urte gehiago bizi gara, bizikidetza-eredu berriak agertzen dira, nahi gabeko bakardadea gero eta ohikoagoa da eta pertsona askok besteak zaintzea beren lanarekin eta bizitza pertsonalarekin uztartu behar dute. Zer gertatuko litzateke eguneroko zaintza horiek ahalegin indibidual gisa ulertzeari utzi eta komunitate osoaren proiektu partekatu baten parte bihurtuko balira?”.
Azken galdera horri erantzuteko sortu zen Elkar Zainduz Legazpin, “Legazpiko Udalak herrian zaintza ulertzeko eta antolatzeko modu berri bat bultzatzeko abiatu duen ekimena”. Baina “ez da sare berri bat sortzeko jaio. Dagoeneko badagoena indartzeko jaio da. Herria zaintzen duten pertsonak, elkarteak eta zerbitzuak elkar hobeto ezagutu, duten ezagutza partekatu eta gehiago elkarlanean aritu daitezen”.













