Uraren ziklo integrala digitalizatu du Gipuzkoako Urak erakundeak, 8,8 milioi euroko inbertsioarekin
31 jarduketa egin ditu, eta 7 milioi euroko laguntza jaso du. Zazpi presa digitalizatu dituzte, tartean Arriarangoa. Itsasondon proba pilotu bat dute martxan sare guztia monitorizatzeko.
Iñigo Elosegi Gipuzkoako Urak erakundeko gerentea eta Leire Artola Beasaingo alkate eta Gipuzkoako Ur Kontsorzioko lehendakaria, Beasaingo udaletxean egindako prentsaurrekoan.Laida Goiburu Gipuzkoako Urak erakundeak Gipuzkoako uraren ziklo integrala digitalizatu du. 8,8 milioi euroko inbertsioa izan da. Hiru proiektutan banatuta, estrategia bakar baten barruan kokatu dute prozesua.Europar Batasunaren Next Generation funtsen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren babesa izan dute jarduketek.
Gaur Beasaingo udaletxean elkartu dira prozesuaren eta emaitzen berri emateko Leire Artola Gipuzkoako Ur Kontsorzioko lehendakaria eta Iñigo Elosegi Gipuzkoako Urak erakundeko gerentea.
31 jarduketa egin dituzte, eta 8,8 milioi euroko inbertsiorako 7 milioi euroko laguntza jaso dute. Prozesua amaituta, “urrats handia” egin dute Artolaren esanetan, “ura kudeatzeko modu berri bat” garatu dutelako: “Kudeaketa digitalizatuagoa, eraginkorragoa, gardenagoa eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko gaitasun handiagoa duena izango da”.
Digitalizazioa tresna gisa
Digitalizazio hori ez dute helburu gisa hartzen, tresna gisa baizik, “ezin delako ura atzoko tresnekin kudeatzen jarraitu” lehendakariak adierazi duenez: “Klima aldaketak, lehorte arriskuak, ur baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko beharrak, energia kontsumoa murrizteko premiak eta azpiegituren kontrol zehatzagoak erakusten digute hori”. Ihesak lehenago detektatzeko, gorabeherei azkarrago erantzuteko, energia kontsumoa murrizteko eta herritarrei zien udalei zerbitzu hobea eskaintzeko tresna izango dira jarduketak.
Gipuzkoako Ur Kontsorzioak 70 udalerri baino gehiagotan egiten du lan. Udalerri handiak edo txikiak izan, landa eremuan egon edo hiriak izan, kalitatezko zerbitzu bera eman behar dela nabarmendu du Artolak, “lurralde kohesioa” aipatuta: “Guretzat funtsezkoa da digitalizazioak ezberdintasunak murriztea, tresna aurreratuak, datuak eta kontrol sistemak ez dira udalerri handien pribilegioa izan behar”.
“Guretzat funtsezkoa da digitalizazioak ezberdintasunak murriztea, tresna aurreratuak, datuak eta kontrol sistemak ez dira udalerri handien pribilegioa izan behar”
Leire Artola. Gipuzkoako Ur Kontsorzioko lehendakaria
Hiru proiektu gauzatu dira. TRADIGUSA izan da eraldaketaren proiektu nagusia eta irismen handienekoa. 23 jarduketa egin dira proiektu horretan, 6.080.215 euroko inbertsioa eginda eta 5.178.149,81 euroko laguntza jasota. PERTE URA 1 eta PERTE URA 2 programen bidez, berriz, zortzi jarduketa egin dira, 2.790.400 euroko inbertsioa eginda eta 1.783.039,23 euroko laguntza jasota.
Uraren zikloari dagokionean, hamalau hartune monitorizatu dituzte, bolumenen kontrola egin dute, alerta sistema berriak txertatu dituzte, zazpi presa digitalizatu dituzte, tartean Arriarangoa, eta datuen transmisioa bermatu dute. Datu horiek beste erakunde batzuetara transmititzen dituzte, Elosegik azaldu duenez: “Gure kasuan konfederazioari eta ur agentziari”.
Webgune berria martxan
Edateko uraren tratamenduari eta goi-sareari dagokionean, kontrol-zentroa berritu dute, SCADA sistema eguneratu dute eta sareen eta azpiegituren sentsorizazioa egin dute, besteak beste.
Banaketa-sareetan 30.000 neurgailu baino gehiagori teleirakurketa jarri diote, eta helburua da 2028an neurgailu guztiak teleirakurketarekin izatea. Beasainen 1.500 baino gehiago aldatu dituztela azaldu du Elosegik.
Itsasondon, berriz, proba pilotu bat dute martxan sare guztia monitorizatzeko: “Sareko puntu bakoitzean zenbat ur pasatzen den, zer presiorekin eta ze kalitaterekin jakiteko”.
Saneamendu eta arazketarako, gainezkabideen monitorizazioa egin dute. “Euri zaparrada botatzen duenean, jakin behar dugu zenbat ur isurtzen den errekaldera eta ze kalitaterekin”. 1.000 sentsore baino gehiago jarri dituzte gainezkabide eta ponpaketetan, leku bakoitzean ze kalitate maila duen jakiteko. Adimen artifiziala ere txertatu dute hainbat jarduketatan.
Jarduketa horiei esker, ihesak %20tik %10era murriztu dituzte, gorabeheren aurrean erantzuteko denbora %30 laburtu da eta hondakin uren araztegietan energia-kontsumoa %20 murriztea lortu dute.
Zibersegurtasunari lotuta, “modu transbertsalean eta ziklo integralari aplikatuko zaiona”, datu plataforma berria garatu dute, bulego birtual berri bat jarri dute eta webgune berria garatu dute. APP-a ere jarriko dute martxan, IOS zein Android sistemetarako.
Digitalizazio prozesuaren emaitza nagusiak
- 31 jarduketa.
- 1.000 sentsore baino gehiago.
- 30.000tik gora emari-neurgailu teleirakurketarekin.
- Hamalau hartune monitorizatuta.
- Zazpi presa digitalizatuta.
- Ihesen murrizketa %20tik %10era.
- Gorabeheren aurreko erantzun denboraren murrizketa %30ean.
- Energia kontsumoaren murrizketa %20an.













