AHTaren aurkako ekimenak hiru urteko balorazioa egin du
Hiru urteen balorazio «positiboa» egiten dute, 2023ko irailerako amaituta egon behar ziren zundaketak «nabarmen moteldu» direlako.
Stop zundaketak-AHTrik ez! ekimenaren prentsaurreko baten irudia, Idiazabalgo udaletxe aurrean.Laida Goiburu AHTaren zundaketen aurkako ekimenak martxan dauden hiru urteen «balorazio positiboa» egiten dute, 2023ko irailerako amaituta egon behar ziren zundaketak «nabarmen moteldu» direlako.
AHTaren aurkako ekintzaileen esanetan, 2023ko maiatzean Adif-ek Sakanako eta Goierriko udalei «zundaketa geoteknikoak eta beste jarduketa» batzuk egingo zituztela jakinarazi zien, «AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko alternatibak aztertzeko» . Gaineratu dute lan horiek 2023ko «maiatza eta irail artean» egingo zituztela aurreratu zutela.
Mehatxu horri aurre egiteko, ordea, «Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako hainbat kolektibok bat egin genuen», diote kaleratutako idatzian.
Gainera azpimarratzen dute, «mehatxaturiko eremuetako udal gehienek paper oso garrantzitsua bete dutela, eskuan zituzten legezko tresnekin dagozkien baimenak ematearen aurka agertu baitira».
Inprobisazio «ikaragarria»
Azken hiru urteetan zundaketa-kanpainak aldatuz joan direla diote, «denborarekin trazadura-alternatiba berrien aukeraketaren arabera», eta horrek agerian uzten duela, «duela hamarkada batzuk diseinaturiko proiektu baten erabateko lardaskeria».
Bestalde, «zundaketak egiten ari zirela zabaldu duten intoxikazio mediatikoko kanpainak» izan direla azpimarratu dute, «benetan ez zirenean ari». Gainera, udalen baimenik ez jasotzeak eta sabotaje ekintzek «atzeratu» dutela proiektua gogoratu dute. Ekintza horiekin «inprobisazio ikaragarria» erakutsi dutela adierazi du AHTaren aurkako ekimenak.
Ekimenaren jarraipena
STOP Zundaketak-AHTrik Ez ekimenak berriz ere dei egin die kalteturiko udalei eta biztanleei alarma-kasuetan 656 711 130 telefonora dei egiteko: «Zundaketa berriak egiten saiatzeko egokia da uda sasoia».













