Beasaingo Garagardo Festa, irailaren 17tik 19ra
Presoen kopurua eta egoera jakinarazteko asmoz, '110 preso eta erbesteratu, 110 topa' elkartasunezko zozketa antolatu du Goierriko Etxeratek, 110 garagardotako sariarekin.
Goierriko Etxerat elkarteko kideak 2026ko Beasaingo Garagardo Festa iragartzeko argazkian.Hitza Goierriko Etxerat elkarteak antolatzen duen Beasaingo Garagardo Festa irailaren 17tik 19ra izango da aurten, ohi bezala, plaza azpian. Irailaren 17an 18:00etan izango da inaugurazioa, eta irailaren 18an eta 19an ere 28:00etan irekiko da gunea. Zozkatuko duten 110 garagardotako sarirako txartelak jada erosi daitezke.
Hiru egunez, garagardoa eta garagardotegiko menu tipikoa izango dira festaren protagonistak. Aurtengo edizioan 3.000 litro garagardo baino gehiago eta ehunka ukondo eta saltxitxa kontsumitzea aurreikusi dute antolatzaileek. 400 lagunentzako mahaiak eta eserlekuak prestatuko dituzte.
Urtero bezala, kalitate handiko garagardoa eskainiko dute, Euskal Herrikoa zein nazioartekoa. 25 garagardo dastatu ahal izango dira kañeroetatik, eta beste hamar garagardo mota litro erdiko botiletatik, tartean alkoholik gabekoa eta glutenik gabekoa.
Etxera izenekoa, espresuki prestatua
Euskal Herrian ekoitzita, Beasaingo Garagardo Festarako espresuki prestatutako Etxera izeneko lau artisau garagardo izango dira aukeran: Pils, Helles, Sendoa eta Beltza. Beste hogeita bat artisau garagardo, berriz, nazioartetik ekarritakoak izango dira: Bavaria (sei), Flandria (lau), Wallonia (hiru), Txekia (hiru), Alemania (hiru) eta Irlandakoak (bi). Hori gutxi ez, eta Bavariatik ekarritako beste hamar garagardo mota ere aukeran izango dira, botiletan.
Garagardo horiei dagokienez, honakoak izango dira: Pilsner, Marzen, Helles Muchner, Lager Hell, Abadiakoak, Belgian Tripel, Belgian Blond Ale eta IPA Indian Pale Ale. Gari-garagardoak Weissbier eta Weizenbock bavariarrak eta Witbier flandiarra izango dira, eta garagardo txigortuak Landbier, Abadia Dubbel, Sterke Bier eta Rauchbier. Ilunen artean, urteroko Doppelbock bavariarraz eta Irish Stout irlandarraz gain, ezusteko batzuk ere izango direla iragarri dute.
Garagardotegiko bi lagunentzako menu tipikoa ere dastatu ahal izango da: ukondoa labean, Bratwurst bavariarra eta Euskal Herriko Earra saltxitxak plantxan patata-purearekin, postrerako etxeko brownie-a eta edateko bi garagardo. Afari arinagoa nahi dutenentzat, saltxitxak, hanburgesa patatekin edo solomo ogitartekoak eskainiko dituzte.
Edarietan nahiz janarietan aurreko urteko prezioak mantenduko dituzte: bi pertsonentzako menuak 32 euroko prezioa izango du, pitxarrak 3 eurokoa eta garagardo litro erdiak 5,50 eurokoa.
Elkartasunezko zozketa
Presoen kopurua eta egoera jakinarazteko asmoz, 110 preso eta erbesteratu, 110 topa elkartasunezko zozketa antolatu du Goierriko Etxeratek. 110 garagardotako saria zozketatuko dute, eta Herri Dendako erakusleihoan ikusgai dago. Tiketak Herri Dendan bertan eta Beasaingo Arranon erosi daitezke jada.













