Lehen suziria lehertzear da Ordizian
Haurren asteburuak etzi emango dio hasiera Santa Ana jaien lehen ekinaldiari. Igandera arte, ekitaldiz betetako egunak izango dituzte Ordizian.
Jaietako aurkezpena egin zuten atzo. O. UDALA Ordizian Santa Ana jaiak ez dira behin hasten. Lau aldiz hasten dira. Jai hasiera ofiziala uztailaren 24a izaten bada ere, lehendabiziko suziria txosna batzordeak jaurtitzen du Bizipoteoa baino lehen. Haurrek ere euren txupinazo propioa izaten dute jaien lehen asteburuan, eta gazteek, berriz, kuadrilla egunean ospatzen dute eurena. Ordizian festa ez da egun bakarrean pizten: belaunaldiz belaunaldi indarra hartzen doa, eta bakoitzak bere erritualak ditu jaiei ongi etorria emateko. Herriko jaietako berezitasunetako bat da hori, eskualdeko gainerako herrietan nekez aurki daitekeena.
Etzi hasiko da, hain zuzen, Santa Ana jaien aurreneko kapitulu hori, haurren asteburuarekin. Ordiziako kaleak etxeko txikienen ilusioz beteko dira, eta haiek izango dira igandera bitarte aurrera eramango diren ekintzetako protagonista nagusiak. Alkate Txikia, kantinerak, dantzariak, upel eta danbor-jotzaileak zein gainerako protagonista guztiak dagoeneko izendatuta daude, eta kuadrilletako alkandora koloretsuak ere armairuetatik atera dituzte.
Ekitaldi sorta andana
Aurtengo berrikuntza nagusietako bat ostiral arratsaldean iritsiko da, 2025ean jaiotako haurrei egingo dieten ongi etorriarekin. Orain arte larunbat goizean egiten bazen ere, aurten ostiral arratsaldera aurreratu dute ekitaldia. Ehundik gora haurrek plaza nagusian jasoko dute jaietako zapia, 19:00etan hasita.
Gauean, berriz, azken urteetan jai egitarauan sendotu den Boxeo Jaialdi Handia izango da Beti Alai pilotalekuan. 22:30ean hasiko da, eta profesional, semiprofesional eta amateur mailetako boxeolariek parte hartuko dute. Ander Bricio eta Maite Maiztegi ordiziarrak igoko dira ring-era.
Udalaren egitarauaz gain, txosnagunean ere izango da jai giroa. Txupinazo goiztiarrena jaurtitzearekin batera, gazte askorentzat asteburuko aurreneko hitzordu handia izango da ostiral arratsaldeko Bizipoteoa. Auzoz auzo eta tabernaz taberna ibiliko dira hamarnaka lagun bizikletetan edota gurpildun ibilgailuetan. Gauean, berriz, Bulkada, Marmitako Trap Banda eta Dj Kizy-ren kontzertuek hartuko dute lekukoa.
Larunbatean iritsiko da haurren jai hasiera, Txikien Kuadrilla Egunarekin batera. Blusa koloretsuak soinean jantzita aterako dira haurren kuadrillak kalera, eguerdian txupinazoa entzun eta festa lehertuko zain. Hori baino lehen, 09:30ean Gudarien Etorbidetik aterako den kadete mailako LIII. Chapel Gorri Txirrindulari Proba izango da. Behin amaitutakoan, aginpidea emango zaie udaletxean Alkate Txikiei. Aurten Hodei Zubeldia eta Johana Alvarez izango dira alkateak, mazeroak Izar Agirre eta Ane Gomez, eta aguazila Maren Zubia.
Buruhandi, erraldoi, txistulari, trikitilari eta Burrunbazale txarangarekin kaleetan zehar kalejiran ibili ondoren, 14:00etan umeen bazkari herrikoia izango da plazan. 500 haur inguruk eman dute izena. Arratsaldeak eta gauak ere ez dute atsedenik emango: haurren mozorro dantzaldia, Zuhaiztiko zezen suzkoa eta Nonbait erromeriak emango diote amaiera egunari.
Igandea, eta atsedena
Igandean amaituko da haurren asteburua, dantzari txikien, umeen danborradaren eta agintari txikien egunarekin. Goizean, Alkate Txikiei harrera egingo diete udaletxean, eta handik elizara joango dira danbor eta upel jotzaileekin batera, Beti Argi bandak joko duen Ordiziako Martxaren doinupean. Eguerdian, 12:00etan, haurren Aurreskua dantzatuko dute Plaza Nagusian. Aurten Elene Iturriotzek egingo du aurreskua, eta Maide Marinek atzeskua.
Arratsaldean, XXVIII. Pilota Txapelketako benjamin eta alebin mailetako finalak jokatuko dituzte. Ondoren, 18:30ean, kantinerak Buztuntza aldera abiatuko dira, eta handik abiatuko da, 19:00etan, haurren danborrada. Ohi bezala, Plaza Nagusian amaituko da Ordiziako Martxarekin.
Haurren asteburua amaituta, bi atseden-egun izango ditu Ordiziak. Uztailaren 22an eta 23an ekitaldi solteak egingo dituzte, eta hilaren 24an egingo duten txupinazoarekin ekingo diete Santa Ana jaiei. 12:00etan botako dute pregoia udaletxeko balkoitik, eta lehenago, 11:30ean, San Jose Egoitzatik.
Barrakak ere martxan
Barrakak ere ostiralean irekiko dituzte, azken urteetan finkatutako neurriak mantenduta. 15:00etatik 18:00etara zaratarik gabeko ordutegia izango dute, musikarik eta soinu ozenik gabe, haur guztiek espazioaz baldintza egokietan gozatu ahal izan dezaten. Horrez gain, uztailaren 20an, 21ean eta 23an prezio murriztuak izango dituzte atrakzioek.













