‘A ze festa’ antzezlana aurkeztuko du Urrupek uztailaren 23an
Ordiziako Herri Antzokian aurkeztuko dute, 20:30ean. Sarrerak salgai daude jada, leihatilako ordutegian edo Interneten Kutxabanken bidez.
Santa Ana jaiei begira azken urteetan egin ohi duen bezala, aurten ere antzezlan bat aurkeztuko du Ordiziako Urrup antzerki taldeak. A ze festa du izena antzezlanak, eta datorren ostegunean, uztailaren 23an, aurkeztuko du, Ordiziako Herri Antzokian, 20:30ean. Sarrerak salgai daude jada, leihatilako ordutegian edo Interneten Kutxabanken bidez.
Izenak iradokitzen duen moduan, euskaraz eginiko antzezlana da. Urrupeko taldekide den Inaxio Lakuntzak idatzi eta Rosa Rojo zuzendariak zuzendutako komedia da. Jai Batzordearen gainean ondu dute istorioa, herriko jaietako egitaraua ontzea «lan erraza» izango zelakoan, baina «bestelako errealitate batekin» egiten dute topo: interes anitzak eta ustelak, modernitatea eta tradizioa, kontraesanak… bilera horren testuinguruan, hainbat gai jorratu dituzte: ohitura zaharrak eta berriak, animaliekiko jarrera, sexu-aniztasuna, artearen kontzeptuak, haurrekiko jarrera, zaintza lanak, korrupzioa, zerbitzu publikoen izaera…
Hala, Gorka Lariz, Marisol Cavero, Ana Martinez, Jose Luis Elortza, Martin Etxebarria, Inaxio Lakuntza, Nekane Aramendi eta Itsaso Ortega igoko dira oholtzara; Julen Iraolak egingo ditu teknikari lanak; eta Eukene Lekuona diseinatzaileak egin du kartela, oraingoan ere.
30 urte antzezten
Urrupek 30 urte baino gehiago daramatza antzerkia lantzen Rojoren zuzendaritzapean. Partaide guztiak antzerkizale goierritarrak dira gehienak eta Ordizian dute egoitza nagusia. Denbora honetan guztian, antzezlan ugari egin dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz, eta datorren astean aurkeztuko duten hau ere horietako bat da. Taldekideak «pozik» daude egindakoarekin, eta herritar guztiei bertaratzeko deia egin die.













