Goierriko alkateek ere bat egingo dute Bergaran
Igande eguerdian, Usondo parkean, foruen abolizioa eta Alkateen Mugimendua gogoratuko dituzte. Goierritik, EH Bilduko, EAJ-ko eta talde independenteetako alkateek parte hartuko dute.
Ekainaren 18an Gernikako Batzar Etxean egindako aurkezpena. Ezkerrean, behean, Leire Artola.Hitza Igandean, uztailaren 19an, foruen abolizioaren 150. urtemuga eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urtemuga oroitzeko ekitaldia izango da Bergaran, 12:00etan, Usondo parkean, berrehun udal ordezkari baino gehiagoren parte hartzearekin. Goierriko EH Bilduko zein EAJ-ko alkate eta ordezkariek parte hartuko dute, baita independenteek ere.
Ekainaren 18an aurkeztu zuten ekitaldia Gernikako Batzar Etxean. Leire Artola Beasaingo alkateak hartu zuen hitza Izaro Elorza Oñatiko alkatearekin batera, eta agerraldian izan ziren haiez gain Agurain, Amurrio, Andoain, Asparrena, Azkoitia, Bermeo, Berriozar, Derio, Etxarri-Aranatz, Legutio, Plentzia, Santurtzi eta Zamudioko alkateak. Protokolozko ekitaldi instituzionala izango bada ere, herritarrak deitu dituzte parte hartzera.
Bi efemeride gogoratuko dituzte. Batetik, 1876ko uztailaren 21eko foruen abolizioa. Aurrez eman ziren Nafarroa Garaiko erregimen foralen aldaketa, 1841ean, eta 1789 eta 1790 artean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako eskubide historikoen abolizioa. Aurkezpenean aldarrikatu zuten prozesu horiek guztiek «Euskal Herriko lurraldeek mendeetan garatutako instituzio, eskubide historiko eta burujabetza politikoaren galera eta murrizketa ekarri» zutela, erabaki horiek «herri borondatearen gainetik ezarri» zirela eta «ondorio sakonak» izan zituztela «Euskal Herriaren egituraketa instituzionalean, lurralde artikulazioan eta autogobernuan».
Mende bat geroago
Bestetik, 1876ko abolizio hartatik mende bat geroago, 1976ko uztailaren 21ean Euskal Herriko hainbat udal ordezkari Bergaran bildu zirenekoa izango dute gogoan. «Alkateen Mugimendu hark foruen abolizioaren mendeurrena baliatu zuen Euskal Herriaren nortasun nazionala, eskubide historikoak, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuko nahia aldarrikatzeko».
1976ko uztailaren 21ean elkartu ziren hainbat udal ordezkari Bergaran
Aurkezpenean azaldu zutenez, adierazpen hark «gaurkotasun osoa» du, «Euskal Herriak ukatuta jarraitzen duelako, zatituta eta burujabetza nazionalik gabe». Burujabetzaren aldeko eta Euskal Herriaren nazio izaeraren aldarria zabaltzeko probestuko dute igandeko ekitaldia.
Ekitaldiaren aurkezpenean parte hartu zuten udal eta ordezkariei Euskal Herri osoko 200 herri baino gehiagotako ordezkariak batu zaizkie iganderako, beste hainbat erakunde arduradunekin batera.
Aldundiaren hitzetan, «karga sinboliko handia» du ekitaldiak
Gipuzkoako Foru Aldundiaren hitzetan, «karga sinboliko handia» izango du ekimenak, «iragana, oraina eta etorkizuna lotuz hitzen, musikaren eta dantzaren bitartez», eta «etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko topagune» izango da.
Goierriko alkateek ere baieztatu dute Bergaran izango direla igandean ekitaldian parte hartzeko, EH Bildukoek, EAJkoek zein independenteek. Aginte ikurrak –zumitzak, makilak, lantzak edo tokian tokiko ikurrak– eramango dituzte alkateek, eta oposizioko ordezkariek herri bakoitzeko banderak.













