Aresoko estalpe berrirako lanak amaituta
400.000 eurotik gorako inbertsioa izan du, eta parkea berriro ere zabalik dago herritarrentzat.
Lazkaoko Areso parkea estalpe berriarekin.Lazkaoko Udala Areso kaleko haur-parkea estaltzeko lanak amaitu ostean, jolas-gunea berriro ere erabilgarri dago. Berritze lanek “400.000 eurotik” gorako inbertsioa izan dutela adierazi du Lazkaoko Udalak: “Lan horien artean dago estalpea metalezko egitura bat eta ehun-mintz tenkatu bat instalatzea, jolas-eremuko segurtasun-zorua berritzea, zoladurak birjartzea eta euri-urak biltzeko sisteman hobekuntzak egitea”.
Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak nabarmendu du: “Aresoko haur parkea estaltzea urrats garrantzitsua da Lazkaorentzat, estalki bat duen udalerriko lehen haur parke irekia baita”.
Gainera, familiek “behin eta berriz” azaldutako eskaera bati erantzuten diola proiektuak dio Udalak. Izan ere, 2025eko eta 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuetan “proposatu” zen.













