Bizilabe programa jarriko dute martxan Gazteleku berrian
Udalak iragarri du "eraikuntza lanak amaitzear" direla. 10-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako aisialdi eskaintza da Bizilabe, gazteek zientzian eta teknologian sakontzea bilatuko duena. Izen-ematea ireki dute.
Bizilabe programako irudi bat.Elhuyar Oriamendi kaleko 4 zenbakiko Beasaingo Gazteleku berriko lanek aurrera jarraitzen dute. Oraindik ez dituzte bukatu lanak, baina udalak jakinarazi du laster irekiko dituela ateak, eta Bizilabe programa jarri du abian Elhuyarrekin elkarlanean.
10-12 urte bitarteko (LH5 eta LH6) haurrei zuzendutako aisialdi eskaintza izango da Bizilabe, gazteek zientzian eta teknologian sakontzea bilatuko duena. Hurrengo ikasturtean Beasaingo Gazteleku berrian eskainiko dute, eta aukera emango zaie horren bidez adin horretako gazteei zientzia eta teknologia jarduerak egiteko eskolaz kanpoko aisialdian.
Goierri “eskualde industrial eta teknologiko indartsu” bat izanik, Beasaingo Udalarentzat “belaunaldi berriak bertako ekosistema industrialera erakartzea ezinbestekoa” da. “Horregatik, zientzia- eta teknologia-gaitasunak gazteengan txikitatik eragitea helburu estrategikoa da. Bide horretan, ahalegin berezia egingo da neskak esparru hauetara hurbiltzeko, genero-estereotipoak gaindituz eta emakumeen profil profesionala indartuz”, adierazi du.
Gaztelekua oraindik inauguratu ez badute ere, “eraikuntza lanak amaitzear” daudela esan du udalak. Nerabeen topagune nagusia izatea nahi dute, “herriko gazteei zuzendutako zerbitzu zabala, dinamikoa eta integrala eskaintzeko espazioa, sormena, harreman osasuntsuak eta herritartasuna sustatzeko helburuarekin”. Bizilabe da espazio horrek hartuko duen lehenengo “apustu garrantzitsuenetako bat”.

Gazteleku berriko obrak martxan, atzo.Laida Goiburu
Urriaren 6an jarriko dute abian programa, eta maiatzera arte luzatuko da. Jarduerak asteartetan egingo dituzte, bi txandatan: 17:00etatik 18:30era edo 18:30etik 20:00etara. Izena eman daiteke jada, bizilabe.elhuyar.eus web atarian, irailaren 15era arte.
Talde bakoitzean hamabost gazterentzako tokia egongo da. Beasainen erroldatutako gazteek izango dute lehentasuna, eta neska eta mutilen arteko oreka bermatuko dute, talde bakoitzean gutxienez %40ko eta gehienez %60ko ordezkaritza ziurtatuz.
Kuota arruntentzako prezioa 45 eurokoa da, familia ugari edo guraso bakarreko familientzako prezioa 30 eurokoa eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familientzakoa 12 eurokoa.













