Gaur arratsaldeko txupinazoarekin hasiko dituzte Alegin madalenak
270 lagun elkartuko dira iluntzeko herri afarian. Asteazkenean ospatuko dute jaietako egun handia. Antzinako autoen erakusketa, berriz, Madalena egunean.
Txupinazoa eta sagardo dastaketa iazko Madalena jaietan.Ainhoa Aldasoro Dena prest dute Itsaso, Ormaiztegi eta Gabiria batzen dituen Alegi auzoan Madalena jaiei hasiera emateko. Gaur lehertuko da festa, 19:15ean botako duten txupinazoarekin. Gaur eta bihar artean banatuko dira astebururako antolatutako ekintzak eta asteazkenean, Madalena egunez amaituko dituzte jaiak egun osoko egitarauarekin.
Txupinazoaren ondotik, sagardo dastaketa izango da gaur, 19:30etik aurrera. «Jendea elkartzen hasteko eta giroa sortzeko» ekintza aproposa dela esan du Ainhoa Aldasoro jai batzordeko kideak. Aurten, aurreko urteetan bezala Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko sagardoak eta inguruko baserrietakoak dastatzeko aukera izango da, «12 bat» zuku ezberdin guztira.
Herri afari jendetsua
Azken urteetan indarra hartzen ari da ostiraletako herri afaria; «urte batzuk nahikoa tristeak izan genituen, baina azken urteetan handituz joan da kopurua», dio. Aurten 270 lagunek eman dute izena, «bertakoak ez ezik, inguruko herrietakoak ere gerturatzen dira, baita dagoeneko Alegian bizi ez diren batzuk ere». Joselu Anaiak taldearen erromeria klasiko bat da manadelenetan eta aurten ere ez dute hutsik egingo jaien lehenengo egunean.
Larunbatean mus eta toka txapelketak jokatuko dira. Toka lehenego aldiz eraman dute Alegira, «proba egiteko». Itsasoko Ostatukoek parrillada eskainiko dute gero eta dagoeneko 130 bat lagun daude izena emanda. Joxe Mendizabalek jarriko du dantza giroa, gero.
Madalena eguna asteazkena izanagatik, egun osoko egitaraua antolatu dute Alegin egun horretarako. Meza izango da hasteko, Izazpe abesbatzak lagunduta eta antzinako autoen erakusketa izango da gero. «Orain bi urte egin zen lehenengoz eta aurten bigarren aldiz jarriko dugu», esan du Aldasorok. Alegiko eta Ezkioko Santa Luzti auzoko bi bizilagunek mimoz zaindu eta berreskuratu dituzten ibilgailuak jarriko dituzte ikusgai, «autoak, motorrak eta bizikleta bereziren bat izango dira. Gehienak, XX. mende hasierakoak». Haurrentzako parkeak, ardo dastaketak eta Dj Unairen emanaldiak osatuko dute arratsaldean Madalena eguneko egitaraua.














