Altxamendu frankistan gertatutakoak kontatzeko oroimen ekitaldia egin dute Olaberrian
Joxe Arregi Lasa 18 urteko gaztearen istorioa ere kontatu dute, “zikloa itxi ahal izateko”. Herritar ugari bertaratu da Lasa eta Bujanda plazara.
Olaberriko Olargi memoria historikoa lantzen duen taldeak Altxamendu frankistaren ondoren korporazioko kideekin gertatu zena kontatzeko oroimen ekitaldia egin du gaur eguerdian. Bertako kide den Aitor Urkiolak azaldu duenez, kargugabetu egin zituzten, eta auzitegitik pasa ondoren, isunak eta gaintasungabetze-urteak ezarri zizkieten. Herritar ugari bertaratu da Lasa eta Bujanda plazara.
Joxe Arregi Lasa 18 urteko gaztearen istorioa ere kontatu dute, “zikloa itxi ahal izateko”. Matxinatuen taldean egon zen eta 1937an hil zen gangrena baten ondorioz. Mondarizen lurperatuta, 1959an Cuelgamuros haranera eraman zuten, familiak ezer jakin gabe. Orain, identifikazioaren ondoren, familiak Olaberriako hilerrian lurperatuko du.
Iker Ojanguren da ekitaldian egon den Arregiren senideetako bat. Azaldu du orain zazpi urte hasitako “prozesu luze baten bukaera” izan dela gaurkoa, eta ekitaldiak barrenak mugitu badizkio ere, “lasaitasun puntu bat” sentitzen du, senidearen gorpuzkiak etxean daudela konturatzean.
Zazpi urte hauetako prozesua nolakoa izan den ere kontatu du: “Prozesua hasi genuenean ez genekien non zeuden gorpuzkiak; bagenekien amonaren anaia gerran hil zela, baina ezer gehiago. 2019an hasi ginen erantzunen bila, Olaberriko Olargi taldearen zein Gogora taldearen laguntzaz, eta gutxika-gutxika informazioa jasotzen joan gara. 2020 artekoa bizkor joan zen, baina hortik aurrera informazio berririk jaso gabe egon gara, iazko urte bukaerara arte; orduan esan ziguten gorpuzkiak identifikatu zituztela eta bazekitela nor zen”.
Argazkiak: Izaro Villarreal













