Ordiziako haurrak jaietan murgildu dira dagoeneko
Alkate txikiei aginpidea eman eta txupinazoa jaurti dute, 12:00etan puntuan. Herritarrez goraino bete da Plaza Nagusia eta ‘Ordiziarrak gera’ kantatu dute aho batez.
Alkate txikiak, mazeroak eta aguazila udaletxeko balkoian, txupinazoa jaurti aurretik. Izaro Villarreal 12:00etan puntuan lehertu duten suziriarekin, Ordiziako haurrak Santa Ana jaiak ospatzen ari dira dagoeneko. Goizean alkate txikiei aginpidea eman eta ondoren txupinazoa jaurti dute. Hodei Zubeldia eta Johana Alvarez izan dira aurtengo alkate txikiak, mazeroak Izar Agirre eta Ane Gomez, eta aguazila Maren Zubia. Herritarrez goraino bete da Plaza Nagusia, eta ‘Ordiziarrak gera’ kanta aho batez abestu dute denek.
Buruhandiak, erraldoiak, musika eta jai giroa ez dira faltako egun osoan zehar, eta herriko kaleetan dantzan ibili ostean, haur kuadrillek elkarrekin bazkalduko dute, plazan. Arratsaldean ere, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute, igandera arte.
Argazkiak eta bideoa: Izaro Villarreal
Hain txikiak ez diren ordiziarrak ere festan murgilduta daude atzotik. Ohiko bizipoteoa egin zuten herriko auzo ezberdinetan barrena, eta gauean ere ez zen girorik falta izan. Gaur gazte eguna dute, eta bazkaria egingo dute Zuhaiztian.
Argazkiak: Laida Goiburu














