Ane Etxezarretak futbol profesionala utzi du
"Bizitako guztia irribarre batekin oroitzeko momentua iritsi" dela jakinarazi du: "Etapa hau itxi, datozenei bidea zabalik utzi eta berri bat hasteko garaia da".
Ane Etxezarretak (Beasain, 1995) futbol jokalaria izateari utzi dio. Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez eman du jakitera erabakia.
Bere ibilbideko irudiak uztartzen ditu bideoak, eskola kiroletik hasi eta gaur egunera arte. Igartzako futbol zelaian ageri da beasaindarra, off ahotsean mezua helaraziz: “Txikitan ametsa zirudiena errealitate bilakatu zen. Lehen pausoetatik azkenera arte prozesuaz gozatzeko eta ikasteko aukera izan dut, tartean lortzeko zaila edo ezinezkoa ziruditen horiek biziz. Baina zer da ibilbidea, zer dira lorpenak, zure jendearekin elkarbanatu ezin badituzu?”, azaldu du.
“Hau izan da bide honen alderdirik politena, ametsak beraiekin elkarbanatzea”. Eskerrak eman dizkie futbolari gisa ondoan izan dituenei: “Eskerrik asko etapa honetan alboan izan zaituztedan guztiei, hau dena oraindik ere bereziagoa egin izanagatik. Mila esker urte hauetan bizi dudana bizitzeko aukera eman didazuenei, nigan sinisteagatik. Jarraitzaileei, sentitu dudan babes eta berotasun guztiagatik. Eta bidean izan ditudan taldekide lagunei, egunerokotasuna erraztu eta bizipen bereziak partekatzeagatik”.
Amaitzeko, “bizitako guztia irribarre batekin oroitzeko momentua iritsi” dela esanez amaitu du agurra: “Etapa hau itxi, datozenei bidea zabalik utzi eta berri bat hasteko garaia da. Eskerrik asko guztiagatik. Bihotz bihotzez, Ane”.
2015ean iritsi zen Realera, eta hamar denboraldi egin zituen han. 2019an Espainiako Kopa irabazi zuen taldearekin. 2025eko ekainean, berriz, Eibarrekin sinatu zuen 2027ra arte, baina joan den ekainean bi aldeek kontratua hutsaltzea adostu zuten, eta orain dela bi egun eman du bere futbol ibilbidearen amaieraren berri futbolari profesional gisa.
Hemen 2020an Goiberri aldizkariak egindako elkarrizketa.













