Hasi dituzte Madalena jaiak Alegia auzoan
Asteazkenean, uztailak 22, Madalena eguna ospatuko dute jaietako egun handia. Antzinako autoen erakusketa izango da goizean eta parrillada, arratsaldean.
Txupinazoa eta sagardo dastaketa, ostiralean, Alegi auzoan. Ainhoa Aldasoro Itsaso, Ormaiztegi eta Gabiria batzen dituen Alegi auzoan Madalena jaiak izan dituzte asteburuan. Jaietako egun handia ospatzeke dute oraindik, asteazkenean, Madalena egunean.
Ostiral arratsaldeko txupinazoak iragarri zuen jaien hasiera. Bertako eta inguruko herrietako bizilagunak elkartzeko aitzakia dira auzoko jaiak, baita kanpoan bizi diren auzotarrak batzekoa ere. Horren erakusle dira sagardo dastaketan elkartu zen jende andana eta iluntzean herri afarira gerturatu ziren 270 lagunak. Urtero bezala, Joselu Anaiak taldearen erromeriak girotuta egin zuten afaria Alegiko frontoia goraino beteta zela.
Larunbata egun lasaiagoa izan zen, Madalena eguna iritsi bitartean indarrak berritzeko. Mus eta toka txapelketak jokatu ziren arratsaldean eta 130 lagun batu zituen parrillada eskaini zuten Itsasoko Ostatukoak iluntzean. Ostirala ez bezala, auzokoentzako eguna izaten da larunbata.
Asteazkena, egun handia
Hiru eguneko atsedenaren ondotik, etzi ospatuko dute jaietako egun handia. Meza nagusiarekin hasiko dute eguna 12:00etan, Izazpe abesbatzak lagunduta. Irteeran, antzinako autoen erakusketa izango da (12:45). Guztira 10 autotik gora izango dira ikusgai, asko eta asko garai bateko altxorrak kontsideratuak. Zaharrena 1910eko Hispano Suiza bat eta berriena, 1956ko Peugeot 203 bat; azkeneko hau Ormaiztegin taxi zerbitzua emandakoa. Autoez gain, antzinako motorrak eta bizikletak ere jarriko dituzte ikusgai. Erakusketarekin batera hamaiketako herrikoia izango da.
Arratsaldean, haurrentzako jolas parkea izango da eta merienda banatuko da bertaratzen direnen artean. Iluntzean, 20:30etik aurrera ardo dastaketa izango da, Madalena jaietako beste klasikoetako bat. Itsasoko Ostatuko Manu Hernandezek gidatuko du kata, «urtero ardo bereziak aukeratzen ditu Manuk, bost guztira. Ardo bakoitzarekin bat egiten duten bost pintxo ere eskaintzen dira. Azkena normalean, aparduna izaten da postrearekin dastatzeko», esan du jai batzordeko Ainhoa Aldasorok. Dj Unairen dantzaldiarekin agurtuko dituzte ondoren, Madalena jaiak.
















