GI-2637 errepideko 120 metroko tarte bateko zorua hobetuko du aldundiak
Lanak udazkenean hastea eta lau hilabetean bukatzea espero du. 853.516 euroko aurrekontua izango du obrak.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak tokiko errepideen egonkortasuna eta segurtasuna hobetzeko Diputatuen Kontseiluak onartu duen inbertsio berri bat iragarri du gaur. Hala, Seguratik igarotzen den GI-2637 errepidean egingo du jarduketa Gipuzkoako Foru Aldundiak. “Tarte horretan, errepidearen azpiko lurra ere poliki baina etengabe mugitzen da, eta, denborarekin, pitzadurak, deformazioak eta hondoratze txikiak eragiten ditu galtzadan”, adierazi du Berasaluzek.
Bozeramaileak azaldu duenez, “azken urteotan hainbat konponketa eta asfaltatze-lan egin diren arren, lurrak mugitzen jarraitzen du errepidearen azpian; horregatik, arazoari sakonago heltzen dioten jarduketak behar dira”.
Behin betiko irtenbidea emateko, foru aldundiak 120 metroko tarte batean mikro-pilotedun egitura bat eraikiko du, goialdean hormigoizko lotura-habe batez elkartuta. Egitura horretan bermatuko dute galtzada, eta ez mugitzen ari den lur-geruzaren gainean. Lanen amaieran, tartea fresatu eta berrasfaltatuko dute, eta segurtasun-hesia ere berrituko dute.
Jarduketak 853.516,66 euroko aurrekontua izango du (BEZa barne), eta lanak lau hilabeteko epean egingo dituzte. Aurreikuspena da lanak udazkenean hasi ahal izatea.













