Antzinako autoen erakusketa Alegin, madalenak agurtzeko
Meza eta hamaiketakoa ere izan dira goizean. Haurrentzako parkea, ardo dastaketa eta musika, arratsaldean.
Garai bateko distira berreskuratuta egon dira ikusgai eguerdian Alegiko Madalena jaietan, antzinako dozena bat auto; jada ikusteko zailak diren altxorrak horietako asko. Gabiria, Ormaiztegi eta Itsaso hartzen dituen auzoko festen egun handia da gau, Madalena eguna, eta goitik emango diete amaiera festei gaur, egun osoko egitarauarekin.
Izazpe abesbatzak lagunduta meza egin dute goizean eta ohiko hamaiketako herrikoiaren parean atera dituzte antzinako autoak bertaratu direnen entretenigarri. Arratsaldean, haurrentzako parkea atonduko dute frontoian (17:00) eta ohiko ardo dastaketarekin (20:30) eta Dj Unairen dantzaldiarekin agurtu zituzten jaiak.
Goierritarren bilduma
Mimoz zaintzen dituzte antigoaleko altxor hauek bildumazaleek. Goierrin badira batzuk eta horietako askok etxean zaindu eta mantentzen dituzten autoak izan dira gaur ikusgai. Alegiko Juan Mari Goitia aritu da erakusketa antolatzen. Orain bi urte egin zuten lehenengoz eta iazko etenaren ondotik, aurten berriz itzuli da jaietako egitaraura. Goitiak berak 1929ko Chrysler 65 bat eta 1954ko Mercedes 300 S Adenauer bat jarri ditu ikusgai. Lucio Iraeta auzokideak 1933ko Nash v8 eta Jesus Plazaola itsasoarrak 1924ko Ford T bat eta 1956ko Peugeot 203 bat. «Peugeot honek Ormaiztegin taxi zerbitzua eman zuen urtetan», argitu du Goitiak.
Gabiriako Iñaki Arratibelen 1925 urteko Hispano Suiza T49a ere egon da erakusketan, baita Martin Sagastizabal herrikidearen 1931ko Ford A bat. 1910 urteko Hispano Suiza bat izan da ikusgai egon direnetatik zaharrena, Beasaingo Jexux Etxeberriarena. «Kotxe berezia da, gaur egun oso gutxi geratzen dira eta zailak dira ikusteko», argitu du Goitiak. 1915eko Ford T batek (Jose Mena, Lasarte), 1913ko Overland batek (Miguel Arrospide, Aduna) eta 1949ko Mercedes 170 S batek (Juanan Bueno, Tolosa) osatu dute autoen erakusketa.
Motoak eta bizikletak
Autoez gain, motorrak eta bizikletak ere izan dira erakusketan; horien artean Lucio Iraetaren 1962ko Guzzi bat eta Zumarragako Pablo Arroyok eramandako beste hiru: 1977ko Osa Copa bat, 1976ko Bulcano Matador bat eta 1964ko Mobilette mitikoa. Arratibel gabiriarraren 1885 eta 1890 urte arteko egurrezko bizikleta eta trizikloek ere ikusmira sortu dute. Eguneko bitxikeria Goitiaren bildumakoa izan da, «Amerikar armadak argindarra sortzeko eta telekomunikazioetarako erabiltzen zuen 1954ko generadore bat ere eraman nuen. 30 urtez geldirik egon eta gero martxan dago orain». Bildumazale guztien ahaleginarekin erakusketa polita jarri dute ikusgai, «leku askotan ikusi ezin diren» piezekin.




























