Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak irabazi du 35. Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa
Eskualdeko lan onenaren saria ere jaso du Goikoetxeak. Iraitz Sarasolak, berriz, epaimahaiaren aipamena jaso du.
Argi Berri elkarteak dagoeneko jakinarazi ditu 35. Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako irabazleen izenak. Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena beasaindarrak egindako lana saritu dute helduen mailan. Datorren irailaren 6an izango da sari banaketa ekitaldia, 12:00etan, Ordiziako Barrena Kultur Etxeko Bertsolari Eskola gelan. Sarituek sariak jaso eta euren bertsoak kantatuko dituzte.
Lehenengo sariaz gain, eskualdeko lan onenaren saria ere jaso du Goikoetxeak, eta Iraitz Sarasola Lopetegi ordiziarraren bertso sortek, berriz, epaimahaiaren aipamena jaso dute. Gainerakoan, Oier Etxeberria azpeitiarrak eskuratu du helduen bigarren saria, eta Amaia Agirre asteasuarrak, berriz, hirugarrena. Gaia librea izan dute, eta hemeretzi lan aurkeztu dira denera.
Gaztetxoetan sarituak
Helduez gain, gazteenek ere izan dute parte hartzerik. 13 urte azpikoen artean, bost lan aurkeztu dira eta Eleder Lavilla iruindarrak, Ekai Legorburu hernaniarrak eta Maialen Urtxegi narbartearrak eskuratu dituzte sariak, hurrenez hurren. Eskualdeko lan onenaren saria, berriz, Lexuri Bastida Aiestaran altzagarrarentzat izan da. Gaztetxoenak izan dira gai konkretu bati jarraitu behar izan dioten bakarrak: ‘Lazkao Txikik 100 urte’.
14 eta 18 urte arteko gazteen artean, ordea, lau lan aurkeztu dira, eta ez da goierritarren ordezkaritzarik izan. Kattalin Arabolaza oiartzuarrak eskuratu du aurreneko saria.












