Landarlan elkarteak Enirio-Aralarko lanak «positiboki» baloratu ditu
Helikopteroaren erabilpenaren eraginez lur zoruaren galera saihesten dela dio. Aralar pairatzen ari den klima larrialdiaz ere ohartarazi dute.
Alotzako hezeguneko itxitura oraindik konpondu gabe dagoela ohartarazi du Landarlan elkarteak.Landarlan elkartea Landarlan Ingurumen Elkarteak Enirio-Aralar mankomunitateak egindako lanak «oso positiboki» baloratzen ditu. Mankomunitateak azken hilabeteetan egindako lanen berri eman zuen hilabete hasieran. Hobekuntza lanak egin dituzte besteak beste, larreetan, artzain txabolak egokitzeko, mendiko azpiegiturak sendotzeko eta ingurumena kontserbatzeko.
Landarlanek lan guzti horietatik «positiboki» baloratzen dituenak dira: helikopteroaren erabilpena materialak garraiatu eta zaborrak jaisteko, zuhaitz landaketak eta auzolana. Horrelako ekintzak burutzea hainbatetan eskatu izan baitituzte.
Batik bat, helikopteroaren erabilpena azpimarratu du Landarlanek, pista berrien «eraikuntza», «higadura» eta «lurzoru galera» areagotzea saihesten duelako: «Horregatik, ez dauka zentzurik foru aldundiaren eta mankomunitatearen arteko akordioan adostutako pistak eraikitzeak: Arritzaga, Elutxeta eta Pagabera».
Azkenaldiko kezka
Dena den, «kezkak» ere baditu Landarlanek. Aralarren baimena duten ibilgailuek pista guztietan zehar ibil daitezkeela salatu du Landarlanek, «lehen ez bezala». Gaineratu dutenez, baimena ez da pertsonala, baizik eta «ustiategikoa». Neurri horren ondorioz ibilgailuen trafikoa «areagotzen» ari dela «begi bistakoa» dela dio elkarteak. «Dagoeneko pistetatik kanpo badabiltza berriro ibilgailuak, adibidez Alotzako gainean».
Bestetik, Alotzan bertan hezeguneak babesteko itxiturak «ez dituztela konpondu» eta abelburuak sartzen direla dio, «anfibioen biziraupena arrisku bizian jarriz».
Ganaduaren mugimendua sustatzeko eta belardiak mantentzeko eraiki dituzten aska berriek, aurrerantzean xehaketa gehiago egin behar ez izatea espero du Landarlanek. Izan ere, ganaduak berak mantenduko baititu belardiak. Jarraitu dute esanez, Nafar Iturrin aska garbitu badute ere, iturriak edateko urik gabe jarraitzen duela.
Klima larrialdia
Azkenik, Aralarren azkeneko bero boladek «lehorteak» eta «belar ekoizpen gutxiago» dakartzatela dio Landarlanek, eta agerikoa dela pairatzen ari den klima larrialdia. Horregatik, abelburu eta txabola kopurua «murriztera» jo beharko litzatekeela uste du, klima aldaketaren aurreikuspenak kontuan hartuta












