Miren Etxezarreta Bekaren lehen deialdia aurkeztu du Ordiziako Udalak
Ekonomia kritikoaren eta gizarte-zientzien arloko ikerketa berriak sustatzea du helburu, eta 12.000 euroko laguntza izango du. Irailaren 30a da proiektuak aurkezteko azken eguna.
Miren Etxezarreta ere izan da aurkezpenean. Izaro Villarreal Miren Etxezarreta Ekonomia Kritikoaren Artxiborako Bekaren lehen deialdia aurkeztu du Ordiziako Udalak, eta interesdunek dagoeneko aurkez ditzakete euren proiektuak. Ekonomia kritikoaren eta gizarte-zientzien arloko ikerketa berriak sustatzea du helburu bekak, eta 12.000 euroko laguntza izango du.
Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, deialdia 2022an Miren Etxezarreta ekonomialari ordiziarrarekin sinatutako hitzarmenaren baitan kokatzen da. Duela lau urte, ekonomialariak bere funts dokumentalaren zati bat dohaintzan eman zion Udalari, artxiboaren gordailu izateaz gain, eduki berriak sortzeko eta hausnarketa kritikoa sustatzeko tresna ere izan zedin.
2024an, Etxezarretaren dokumentazioa sailkatu, digitalizatu eta artxibatu zuten, eta herritarren eskura jarri zuten Mirentxezarreta.eus plataformaren bidez. Bekaren lehen deialdi hau, beraz, proiektu haren jarraipena da.
Bekaren helburua ez da soilik lan akademiko berriak sortzea eta egungo gizartearen oinarriak ikuspegi kritikoz aztertuko dituzten ikerketak sustatzea. Horrez gain, tokian tokian garatutako esperientzia eraldatzaileak identifikatu, azaldu eta sistematizatu nahi dira, etorkizunean beste eremu batzuetan ere erreferentzia eta inspirazio iturri izan daitezen.
Deialdia irekia izango da, eta proiektuak aurkezteko epea 2026ko irailaren 30ean amaituko da, egun hori barne. Eskabideak Ordiziako Udalaren Erregistroan edo Egoitza Elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira. Eskaerarekin batera, ikerketa-programa, proiektuaren laburpena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, curriculum vitaea eta oinarrietan zehaztutako gainerako dokumentazioa aurkeztu beharko dira.
12.000 euroko laguntza
Deialdia banakako ikertzaileei nahiz lantaldeei zuzenduta dago, eta originalak eta argitaratu gabeak diren proiektuak sustatzea du xede. Lanek gizarte-zientzien ikuspegitik jorratu beharko dituzte ekonomia kritikoa, desberdintasun sozialak eta gizartearen eraldaketarekin lotutako bestelako gaiak. Oinarrietan jasotakoaren arabera, bereziki baloratuko dira tokiko edo eskualdeko errealitateari lotutako proposamenak, udal mailan aplikagarriak izan daitezkeen ekarpenak eta euskaraz aurkeztutako lanak.
Aurkeztutako proposamenak balorazio batzorde batek aztertuko ditu, eta hautatutako proiektua izango da bekaren bidez garatuko dena. Irabazleak urtebeteko epea izango du proiektua gauzatzeko, beka esleitzen den egunetik zenbatzen hasita.
Udalak jakinarazi du diru laguntza hiru zatitan ordainduko dela: %30 hasieran, beste %30 ikerketaren garapenaren erdian egindako lanaren memoria aurkeztu ondoren, eta gainerako %40a amaierako lana entregatu eta onartu ostean.












