'Oroimenaren maletak', Lenbur Fundazioaren proiektu berria
Taldeko bisita berezia da, Fabrikan egiteko. Alzheimerra edo dementzia duten pertsonentzat da.
Oroimenaren maletak izeneko proiektuarekin, Lenbur Fundazioak bat egin du Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gertu Kultura ekimenak martxan duten Museoak eta Alzheimerra programarekin. Alzheimerraren edo beste dementzia batzuen fase arinean edo moderatuan dauden pertsonei zuzenduta dagoen programa da, eta Lenburren ekarpena lehengo paper lantegian kokatuta dagoen Fabrika museoan egokitutako bisita bat egin ahal izatea da.
Ingurune kultural batean kalitatezko esperientziaz gozatzea da helburua, eta aldi berean bisitarien oroitzeko gaitasuna sustatzea eta alderdi emozionala indartzea. Lenburrek prestatu duen bisita, dementziak dituzten pertsonen tratuan eta arretan formatutako hezitzaileek gidatuko dute. Formakuntza horri esker, «esperientzia lasaia eta elkarrizketatua» eskainiko dute, museoko bildumako pieza eta objektuetan zehar ibilbide bat eginez.
Ekain amaieran egin zuten lehen bisita, aurretik lagun zituzten herriko bertako Santikutz egoitzako egoiliarrekin eta zentroko talde teknikoarekin. Bi erakundeen arteko elkarlanaren beste kapitulu bat izan zen. Iaz, Objektuak gizartearen isla izeneko erakusketaren sorreran parte hartu zuten egoitzakoek, eta erakusketa hartarako sortu zuten materiala aurrerago egin zuten Konta iezadazu izeneko oroimen jardueran erabili zuten.
Bisitak hitzartzeko
Azken topaketa honetan, Oroimenaren maletak estreinatzeko aukera izan zuten Legazpiko egoitzakoek, eta haren arrakasta frogatuta, Lenburrek esperientzia jende gehiagori zabaldu nahi dio orain.
Hala, Oroimenaren maletak bisita irailaren 10era arte egin ahal izango da, aldez aurretik hitzordua hartuta. Adinduen egoitzetako eta beste zentroetako zortzi edo hamar erabiltzaileek gehi zaintzaileek osatutako taldeei zuzenduta dago, eta adineko pertsonen senideak ere joan daitezke.
Aldez aurretik txanda eskatu beharko da, eta horretarako mirandaola@lenbur.com helbidera mezu bat bidali edo Mirandaolako turismo bulegoko 943 73 04 28 telefono zenbakira deitu beharko da. Lenburren www.lenbur.com webgunean ere egin ahal izango da hitzordua.












