Sagardo Aste garbiagoa
Erronka Garbia zigilupean antolatuko dute aurten Sagardoaren Astea. Urriaren 7tik 17ra ospatuko da 25. urteurreneko ekintza bereziekin.
Lau gazte sagarrak zanpatzen, iazko Sagardo Astean. Josune Zarandona Ezkioko Igartubeiti baserri museoak jasangarritasunaren aldeko apustua indartu nahi du. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza departamentuak eta Ihobek bultzatzen duten Erronka Garbia programarekin bat egin du, urriaren 7tik 17ra ospatuko duten 25. Sagardo Astea antolatzeko.
Erronka Garbia programak ekitaldiak diseinatzen diren unetik amaitzen diren arte modu jasangarrian ospatzea du helburu nagusi. Programak lehentasunezko sei parametrotan oinarrituta proposatzen du ekitaldien antolaketa: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak. Aurtengo Sagardo Astearen antolaketan, ingurumen irizpide hauek gehituko zaizkio orain arte jarraitutako prozedurari. «Sagardo Asteak eragingo duen ingurumen inpaktua aintzat hartuko da sortu ditzakeen eragin negatiboak murrizteko eta positiboak indartzeko», azaldu dute Igartubeititik.
Kontzientzia sortzea
Erronka Garbia proiektuaren beste helburu nagusietako bat ingurumenaren zaintzarekiko kontzientzia sortzea eta bultzatzea ere bada; bai ekitaldia bera antolatzen duten pertsona eta erakundeengan, eta baita, parte hartuko duten pertsonengan ere. «Helburu horrek erabat egiten du bat Igartubeiti baserri museoaren filosofiarekin, helburuarekin eta jarduketarekin eta horregatik erabaki da Sagardo Astean lanketa hau egitea, museoaren urteko ekitaldirik garrantzitsuenean», azpimarratu dute.
Igartubeiti baserri museoak 25 urte beteko ditu abuztuan, eta urriaren 7tik 17ra ospatuko den Sagardo Astea ere berezia izango da aurten, 25. urteurrenarekin bat eginez. Ohiko jarduerez gain, ekintza bereziak ere antolatuko dituzte mende laurdena komunitatearekin ospatzeko. Erronka Garbia ziurtagiriari lotuta mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak ardatz izango dituen neurriak hartuko dira.
Ingurumen inpaktua
Sagardo Astearen baitan bisitariak garraio publikoa erabiltzea sustatuko da. Posible ez den kasuetan, «Ezkioko industriagunetik museora zerbitzua eskainiko duen doako autobus zerbitzua jarriko da». Hondakinen kudeaketan ere jarriko dute fokua: «Ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortzen direnak sailkatzea izango da helburu nagusia». Uraren erabileran ere izango du eragina eta «kontsumoa murrizteko eta kontrolatzeko» neurriak hartuko dituzte.
Guztiarekin, ingurumen eta jasangarritasunaren aldeko lanketa ez da Sagardo Astera bakarrik mugatzen Igartubeitin, «baserriaren eta museoaren urteko helburua baita horiek zainduz ingurumena babestea». Orain arte ere ingurumen inpaktua ahalik eta txikiena izateko helburuarekin antolatu da Sagardo Astea, zanpatzen den sagarra Ezkioko eta inguruetako hornitzaileen bidez lortuz, «produktuaren trazabilitatea ahalik eta mugatuena eta murritzena» izan dadin.
Aurtengo antolaketan, urteurren bereziarekin bat eginez, helburu horietan pauso bat aurrera egingo dute Ingurumen Jasangarritasun Planaren baliozkotzea lortuta. Sagardo Astean Erronka Garbia marka erabiltzeko eskubidea ematen dion Erronka Garbia ziurtagiria estreinatuko du Igartubeiti baserri museoak.












