La Salle-Legazpi ikastetxe pareko zubia bota dute
Hormigoizko egitura egoera txarrean zegoen eta aldamenean trenbidea zeharkatzen duen beste pasabide bat dagoenez, botatzea erabaki dute
Irungo Iparlanak enpresak La Salle-Legazpi ikastetxearen pareko zubia bota du gaur (larunbata) goizean, Adifek aginduta. Zubiak 95 urte zituen eta herritar ia guztiek erabili dute noizbait. Hori dela eta, jende asko hurbildu da eraisketa lanak ikustera.
Hormigoizko egitura egoera txarrean zegoen eta aldamenean trenbidea zeharkatzen duen beste pasabide bat dagoenez, botatzea erabaki dute. Eraisketa lana Adifek ordainduko du. Lanak astelehenerako amaitzea espero dute eta trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute.
Lanak egin ahal izateko, ez da trenik ibiliko asteleheneko 04:30ak arte. Zubiaren goialdeko errepidea itxita egongo da lanak iraun bitartean. Hori dela eta, Artiz kalea bi norabidekoa izango da gaur eta bihar, garajeak dituztenek autoak atera eta sartu ahal ditzaten. Iparragirre hiribidea gauez bakarrik itxiko dute: 21:30etik 05:00etara. Gainera, Kalebarren zabalik izango da asteburu osoan, trafikoa arintzeko eta eraisketak ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Zubiaren goialdeko errepidean ohi baino aparkaleku gutxiago egongo dira, lanak egin ahal izateko eta Artiz bi norabidekoa izatea ahalbidetzeko.
Autobusak
Bestalde, lanek iraun bitartean ez da aldiriko trenik izango Brinkola eta Beasain artean. Renfek autobusak jarri ditu. Brinkolan, Legazpin, Zumarragan, Ormaiztegin eta Beasainen gelditzen dira. Zumarragan tren geltoki parean gelditzen dira (taxien geralekuan). Autobus bat dago ordu erdiro. Eskari handiko orduetan autobus bat baino gehiago jarriko dute. Renfek bere ohiko kanaletan eman du ordutegiaren berri.













